GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ana Telletxea Ikertzailea

Estoniatik zerura

Segundo batez gurera itzuli, eta bai antzekotasuna! Iruñea zaharrean galtzada- harriak ez dira maite, Beasaingo Udalari saldu zizkion hiria bere gisa maneiatzen duen alkateak

Toki batzuk historikoki edo politikoki esanguratsu zaizkigu; beste batzuek atseden-txoko hobezina eskaintzen dute urrezko orrazi gisa. Europako mapa eder bat esku artean hartu eta begiak itxita hatza bere zoriaz erori den tokira joatea erabakia balitz bezala, horra hor Estonia. Europako iparraldeko herria. Adinez nagusia da aurten, orain arte Errusia amaordeak izan baitu bere zangopean.

Toki laua da zinez, mendirik ez baita amestuta ere, lekurik garaienak 318 metro baino ez du. Ura franko, basoak ere gogotik, liztorrak eta altzeak nonahi. Tallin du hiriburua eta ohi gisaz bertan dago herriaren muina zentzu askotan. Unibertsitate hiria ere badu, Tartu, nahiz oso herri indargabea antzeman daitekeen kanpotik.

Azkenaldian egindako bidaien artean interes berezia sorrarazi digu Estoniak. Antza denez, telefono mugikorren eta Interneten erabileran aspaldi hartu die aurrea Europako gainerako herrialdeei. Tallinek berak autobusa, trolebusa eta tranbia ditu, besteak beste, hirian ibiltzeko garraiobideak. Inork ez du, semaforoa gorri dela, kalea hartzen. Zaila da lapurreta baten berri izatea iparreko lur haietan. Eta, salbuespenak salbuespen, denda batean sartzean Estonia oso ongi ezagutzen duen saltzailea aterako da mostradore atzetik aberriaren gailentasunak goxoki azaltzeko. Baina herria oraindik ere abian hasi berria da. Tallin egungo hiri bat gehiago da eta hala, erabat modernoa da, baina gainerako lurraldea hitsa da. Errusia eta Alemaniaren (batik bat) zangoen arrastoa han da bizi-bizi. Egurra eman diote mendeak joan eta mendeak etorri, baina Estoniak 1991n (mende hasierako saiakerak ahaztu gabe) herri aske izatea lortu zuen.

Gauza on asko du Estoniak. Lehena, herritarren borondatea. Batetik, estoniera tresna nagusi hartuta egin ahal izan dute aurrera bakarkako bidean. Bestetik, ondarea maite dute. Tallinek Alde Zahar ederra du, Erdi Aroko hiria da; Bigarren Mundu Gerran, nonbait, ez zen sobera zigortua izan. Arreta berezia eman diote etxeak zutik iraunaraziz, galtzada-harrizko kale guztiak egoki zainduz, eliza eta eraikin publikoak babestuz, eta honela, Gizateriaren Ondare izendatu zuten orain hamar bat urte.

Gurera segundo batez itzuli, eta bai antzekotasuna! Iruñea zaharrean galtzada-harriak ez dira maite, Beasaingo Udalari saldu zizkion hiria bere gisa maneiatzen duen alkateak. Galtzada-harriak ez dira nahi, argirik ez zaio eman nahi, zakarrontzirik ez dago, kale izenak eta gainerako kartelak bakarrik espainieraz daude, obra bat edo beste egitean hiriko bihotzean aurkitutako aztarnak «desagertu» dira... segitzea merezi? Europako edozein herrik hau basakeriatzat joko luke eta gurean berriz arazorik ez. Bigarren Mundu Gerrak hemen egin ez zuena egiten ari dira egun zirri-zarra hiria gobernatzen dutenak. Sarraski hauekin zaila izanen dugu bada Gizateriaren Ondare titulua eskuratzea, eta ez da merezimendu faltagatik izanen, ene!

Antzekotasuna agerian da, irakurle: Estonian mota guztietako ondarea altxorra dute. Hemen, Ali Babaren altxorra nahiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo