GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Beijingeko Paralinpiar Jokoak, txapeldunen bilgune, mundu baztertzailearen adibide

Gaur Paralinpiar Jokoak hasiko dira Beijingen. Jokoen gainean ez dugu askoz informazio gehiago jasoko. Tokian tokiko parte-hartzaileen garaipenen berri eta ezer gutxi gehiago. Ez da Usain Boltik lehiatuko, ez da mundu osoan ezaguna den kirolaririk lehiatuko, baina 4.000 paralinpiar horiek egoera zail batetik abiatuta lortu dute goi mailako kirolari izatea, eta esfortzu eskerga egin dute Jokoetara iristeko. Ez da lorpen makala; seguruenik lortu duten garaipenik handiena da. Nolanahi ere, Paralinpiar Jokoetan parte hartzen dutenek jasaten duten bazterkeria hori eguneroko bazterkeriaren erakusgarri bat baino ez da, minusbaliotasunen bat dutenek nonahi jasaten duten bazterkeriarena, alegia. Jokoen karira, Beijingen inbertsio handiak egin dituzte azken urteotan minusbaliatuentzako sarbideak eta zerbitzuak eraikitzeko. Horrelako ikuskizunek, nahi gabe ere, gabezia asko agerian uzten dituzte, baina, behinik behin, mundu baztertzaile honen gaineko hausnarketa egiteko balio beharko lukete. Mundu oparo eta eroso honen gainekoa; oparoa eta erosoa aberatsentzat, minusbaliotasunik jasaten ez dutenentzat... Hau da, zortea alde dutenentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo