GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Salve»ko Iñigo Bergaretxe izan da nagusi Antzar Egunean, 13 altxaldirekin

Hamahiru jasoaldi eta antzararen burua; horixe izan zen «Salve» txalupako Iñigo Bergaretxeri garaipena eman zion marka. Bigarren saria Imanol Valladaresek jaso zuen, «Txustarrak» txalupakoa, hamasei altxaldirekin. Orotara, 83 potinek hartu zuten parte.

GARA |

«Salve» potineko Iñigo Bergaretxe izan zen garaile atzoko Antzar Egunean; hamahiru jasoaldi egin eta antzararen burua lortuta eskuratu zituen txapela eta 300 euroak. Imanol Valladares izan zen bigarrena, hamasei altxaldirekin. Valladaresek ere 300 euro irabazi zituen. Dotoretasunaren Saria, 150 eurokoa, «Karpiñe» txaluparentzat izan zen, 29 segundo eta 13 puntuko markarekin.

Guztira, 83 potinek parte hartu zuten, partaidetza errekorra ezarriz. Horietatik 65 ziren lekeitiarrak, bi Lea Artibaiko mankomunazgokoak eta, gainerako hamaseiak, kanpotarrak.

Partaidetzarena ez zen izan errekor bakarra, antzara harrapatzen saiatu ziren nesken kopurua ere inoizko altuena izan baitzen. Guztira, hamabi neska aritu ziren harrapatzaile gisa.

Hala ere, antzararen jaia ez zen eguneko ekitaldi bakarra izan Lekeition, goizean goizetik izan baitzen zer egina. Lekitto Musika Banda izan zen eguneko lehen notak jotzeko arduraduna eta, ondoren, buruhandiek, Don Terentziok eta Doña Tomasak agurtu zituzten lekeitiar zein kanpotar guztiak.

Bien bitartean, umeek ere ospatu ahal izan zuten Antzar Eguna. Izan ere, eurentzako propio jarritako jolas parkea izan zuten Juan Bautista plazan.

Arratsaldean, eta behin antzaren jaia bukatuta, mastapunta izan zen. Kirolzaleentzat ere tartea egon zen, Santi Brouard frontoian pilota partida bikainak jokatu baitziren.

Lekeitioko bazter guztiak animatzeko, berriz, Oria txaranga aritu zen 17.30etatik aurrera herrian zehar. Eta egunari, ez jaiari, amaiera emateko, Luhartz eta Amaiur erromeria taldeek dantzan jarri zuten herriko plaza.

ERREKORRAK

Atzoko egunean, bi errekor hautsi ziren Lekeitioko portuan. Alde batetik, inoiz baino txalupa gehiago aritu ziren, 83 guztira; eta, bestetik, nesken partaidetza inoiz baino altuagoa izan zen hamabi lagunekin.

SARI BANAKETA

Gaur, 22.15ean, banatuko dira sariak, plazan. Garaileari 300 euro eta txapela dagozkio; bigarrenari, 300 euro emango dizkiote. Azkenik, Dotoretasunaren Saria 150 eurokoa da.

MUSIKA

Atzo Luhartz eta Amaiur taldeei egokitu zitzaien giroa berotzea, eta gaurkoan Deabruak Teilatuetan eta Ken Zazpi taldeen txanda izango da. Batzuk zein besteak lan berria aurkezten ari dira uneotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo