GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Berrituta eta indartuta abiatu ziren atzo Zizurkilgo jaiak

M.E. |

Ilunabarrean botatako suziriak eta ondoren makina bat lagun batu zituen herri-afariak eman zien hasiera atzo Zizurkilgo jaiei. Berrikuntzaz beterik etorri dira, besteren artean, estreinakoz bi asteburutan izango baita festa. Indartuta ere heldu dira, Jai Batzordeak kemen handiz osatu baitu aurten jaietako egitaraua.

Gaur Gazte Eguna ospatuko da. Besteak beste, eguerdian egingo den gazte bazkaria eta arratsaldean «AHTrekin etorkizunik ez. Etorkizuna Independentzia» leloarekin egingo den manifestazioa dira antolatu dituzten ekitaldiak. Gauean, berriz, musikak hartuko du lekukoa, Skatu, Arkada eta Zulu 9.30 reggae talde kataluinarraren kontzertuak baitaude iragarrita. Tartean, urteroko legez, preso eta errefuxiatuei omenaldia egingo zaie.

Bihar, berriz, umeek izango dute gozatzeko aukera. Goizean gurasoekin batera jolasteko Jokolandia antolatu dute eta, arratsaldean, ume jolasak eta dantza. Eguna amaitzeko, 20.30ean, Fermin Valenciaren kontzertua izango da.

Egun bateko etenaldia eta gero, asteartean meza nagusiarekin abiatuko da jaia. Arratsaldean, berriz, herri kirolak izango dira; aizkoran Jon Rekondo eta Joseba Otegi zizurkildarra arituko dira nor baino nor eta harria jasotzen, berriz, Teleria anaiak.

Datorren ostiralean, besteren artean, kros mistoa antolatu da; neska eta mutilez osatutako bikoteek hartuko dute parte. Arratsean, 20.00etan, pintxo lehiaketa eta afari merienda izango dira. Ondotik, berriz, Oinkari dantza taldearen «Aspaldikotik» emanaldia.

Jaiei amaiera emateko, hilaren 13an, Koadrilen Eguna egingo da. Eguerdian herri bazkaria izango da eta, ondoren, berriz, blusen arteko pentatloiaren txanda iritsiko da. Jai gogoz geratu denak gaua ondo luzatzeko aukera paregabea izango du; izan ere, Lain taldearen ondoren, Laket-ek joko du goizaldera arte. Goizeko seietan, berriz, gosaria izango dute festazaleek Joxe Arregi plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo