GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

SOKATIRA

Euskal taldeak dominetatik aparte geratu dira kluben mailako azkeneko egunean

J.L. | DONOSTIA

Bukatu da euskal taldeek Suedian egin beharreko lana. Atzo jokatu zen kluben mailako bigarren eta azken jardunaldia, eta parte hartu zuten euskal ordezkariek ezin izan zuten ezer egin.

Euskaldunak 640 kilotan lehiatu ziren atzo; guztira, lau talde aritu ziren. Goiherrik bi eraman zituen, eta Gaztedik eta Getxok bana. Pisu zaila da 640 kilokoa euskal taldeentzat, nazioartean talde indartsuak baitaude. Joan aurretik iragarri zuten maila honetan zerbait egitea ez zela erraza izango, eta hala izan zen, lehen fasea ez baitzuen inork gainditu.

Lehen fase horretan 40 talde lehiatu ziren eta, euskaldunen artean, Gaztedi izan zen onena. Bigarren faserako txartela gertu izan zuten, baina azkenean ez zen posible izan.

Goiherriko bi taldeek ere ez zuten aukerarik izan. Erandiokoak helburua beteta ziren bezperan 560 kiloko mailan lortutako urrezko dominarekin, eta atzo ez zuten lehen fasea gainditzerik izan. Getxok ere berea egin zuen: aukerarik gutxien zuen euskal taldea zen, baina ez zuen lan txarra egin.

Munduko Txapelketak gaur eta bihar izango du jarraipena. Aldiz, selekzioen arteko lehiaketa jokatuko da, eta euskaldunak ez dira bertan ariko.

Orokorrean, euskal taldeek lan ona egin dute. Euskal Herriko Txapelketa kontutan hartuta, Goiherri zen aukerarik gehien zuen taldea, eta bizkaitarrek bere pisuan, 560koan, urrea jantzi dute. Gaztedik ere lan ona egin du. Gaztedirentzat ere 560 kilokoa zen pisu egokia, eta finalerdietatik oso gertu geratu ziren. Getxo, berriz, eskarmentua hartu eta ikastera joan zen Suediara, eta horretan aritu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo