GARA > Idatzia > > Kultura

Mikel Errazkin musikari eta ekoizle gipuzkoarra zendu da gaixotasun batek jota

Sorotan Bele taldean ezagun egindako musikariak makina bat egitasmo zituen esku artean, baina azkenean heriotzara eraman duen endekapenezko gaixotasun batek musikatik aldendu zuen azken hilabeteotan.

p045_f02_44829.jpg

A. B. | HONDARRIBIA

Martxoan endekapenezko gaixotasun bat diagnostikatu eta harrezkero itzaliz joan da Mikel Errazkin musikari hondarribiarra, atzo goizean azken hatza bota zuen arte. Eskarmentu handiko musikaria eta ekoizle trebea zen 35 urteko gaztea.

Errazkin Sorotan Bele taldeko partaidea izan zen 90eko hamarkadan; txistua jotzeaz gain, kantuak ere konposatzen zituen. Bertan egin zen ezagun, folk eta pop doinuak uztartuz sekulako arrakasta erdietsi baitzuen taldeak. Horren erakusle, 1992ko lehen diskoarekin 40.000 aletik gora saldu zituen. Bi urte geroago, txistua jotzeari utzi behar izan zion osasun arazoak tarteko, eta, aurrerantzean, kantuak idaztera mugatu zen.

Langile porrokatua, Sorotan Bele desegin zutenerako abian zuen bakarkako egitasmoa; Mikel Errazkin HF. Horrez gain, makina bat talde eta kantarirekin lan egin du azken urteotan; La Buena Vida, Antton Valverde edo Xabier Lete kasu.

Sorkuntzan askatasun osoa izan nahian, 1995ean Hirusta Records zigilua sortu zuen eta bertako arduradun nagusia izan da azken unera arte. Estudioko grabaketetan teknikari gisa aritzen zen, eta 30 lan inguru argitaratu zituen, besteak beste Silikonay, Markos Unzeta, Joseba Irazoki edo Lantz taldearenak. Horrez gain, 1996an Aixa taldea sortu zuen Sorotan Belen kide izan zuen Urbil Artolarekin; disko bakarra plazaratu zuten.

Musikari oparoa

Errazkinen bakarkako ibilbidea ezagunegia ez zen arren, bost lan plazaratu zituen, azkena «10.0». Ane Odriozola eta Oihana Lekuonak abesten dute bertan (azken honen aitaren, Julen Lekuona, omenezko diskoa ere prestatu zuen Errazkinek). Xabi Lopez, Txema Garces, Igor Telletxea eta Mikel Andueza musikariekin ere lan egin zuen Errazkinek bere bakarkako ibilbidean. Gainera, egitasmoak 15 urte beteko zituela eta, gonbidatu bereziekin lan berria atera nahi zuen, baita umeentzako disko bat ere. Lantz taldeko partaide eta Belardianeko teknikari ere bazen, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo