GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Parisekin akordio bat lortzekotan dela jakinarazi du Seaskak

Seaskak 2.500 ikasleko kopurua gainditu du aurten. Garapen aldetik urte baikorra izan den arren, hamalau lanpostu eskas ditu oraindik Seaska Ikastolen Elkarteak. Halere, Hezkuntza Ministerioarekin akordio bat lortzekotan da. Testua udazkenean izenpetzea da xedea.

Ainize BUTRON |

Angeluko Kimua Ikastola aukeratu zuten Seaska Ikastolen Elkarteko arduradunek 2008-2009 ikasturterako egiturak izandako garapena islatzeko. Aurten, 2.500 ikasleko kopurua gainditu dutela eta iaz baino 200 ikasle gehiago izango dituztela jakinarazi zuen Paxkal Indo lehendakariak. Ondorioz, hainbat ikastoletan taldeak handitu eta obrak egin dituzte. Ez hori bakarrik, Arberoako ikastola ere ireki dute.

Garapena handia izan bada ere, frantses Hezkuntza Ministerioak lanpostu bakarra eskaini die. Seaskak hamalau postu behar zituen aurten beharrak betetzeko; hots, orotara, 300.000 euro inguruko aurrekontua.

«Lanpostuak ordaintzeko gurasoen sakelatik irten beharko da dirua, beti bezala, diru bilketa kanpainak eginez», argitu zuen Indok. Hala eta guztiz ere, aurreko urteetan ez bezala, Seaskak egoera horren aitzinean ikasturtearen hasieran mobilizaziorik ez egitea erabaki du. «Eskola sartzea baketsua izatea erabaki dugu frantses Hezkuntza Ministerioarekin urtarrilean abiatu negoziaketak bururaino hel daitezen», esan zuen. Akordio bat lortzea posible dela aldarrikatu zuten atzo, beraz, Seaskako arduradunek. «Negoziaketetan posizioak hurbildu dira, eta Ministerioko ordezkariak eta Seaska idatzi komun batetara iritsi gara», erran zuen Indok.

Murgiltze sistema onartu

Uneotan, adostutako testua bai Seaskaren baitan bai Hezkuntza Ministerioan berresteko zain da. «Testu horrekin ez ditugu nahi genituen gauza guztiak lortu, baina ezin dugu urtero lanpostuekin kalapitetan ibili. Testuak behin betiko finkatzen ditu baldintza duinak», nabarmendu zuen Seaskako lehendakariak.

Testua lau puntu zehatzetan oinarritzen dela argitu zuen Indok: lehen mailako postuak, bigarren mailako antolaketa, ikastola berriak irekitzeko arauak, eta azterketak euskaraz pasatzeko aukera zein ikastoletan euskara maila neurtzeko ahalak.

«Murgiltze sistema onartu dezaten nahi dugu», esan zuen Indok. Testu komun hori Ministerioak berretsi beharko du orain. «Ondotik, testuaren lerro bakar bat ere aldatua ez bada, udazken honetan, Seaskako Ikastolen Kontseiluak bozkatuko du», azpimarratu zuen lehendakariak. Horrenbestez, azkenean testua izenpetuko balitz, etorkizunean Baxoa bezalako azterketa nagusiak euskaraz gainditzeko aukera izango lukete ikastoletako ikasleek. Halere, horretara heltzeko epe bat beharko dela gogoratu zuen Indok.

«Akordio horri esker ez da dena egun batetik bestera aldatuko. Esperantza dugu, 2010eko ekainean, materia bat bederen euskaraz egiten ahalko dela», bukatu zuen.

Eskola giristinoak

Eskola giristinoek ere beren eskola sartzeari buruzko agerraldia egin zuten atzo. Azaldu zutenez, ikasturte honetan izango duten ikasle kopurua iaz izandakoaren bera da. Izan ere, orotara, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan 16.303 ikasle izango dituzte; hots, iaz baino ikasle bat gutxiago.

Ikasle kopuruari dagokionez aldaketa handiegirik ez izan arren, sail elebidunean emendatzeak izan direla nabarmendu zuten. Guztira, 2.411 ikaslek aukeratu dute sistema elebiduna aurtengo ikasturtean; hau da, iaz baino %6,8 gehiago.

Azkenik, eskola publikoetan lanpostu itxierak izan direla salatzeko asmoz, elkarretaratzea izango da Baionan irailaren 11n.

40 urte

Seaskak 40 urte beteko ditu 2009an, eta kari horretara hainbat ekitaldi antolatuko dituztela jakinarazi du Paxkal Indo lehendakariak. Urtemuga «handizki» ospatu nahi du Seaska Ikastolen Elkarteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo