GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Eceolazak salatutako errieta, auzitegiaren esanetan, ez zen delitua izan, falta baizik

Joseba Eceolaza Nafarroa Bai-ko legebiltzarkideak Iruñeko bi gazteren aurka jarritako salaketak oihartzun handia izan zuen duela hilabete batzuk. Orain liskar arruntzat jo du epaile batek. Falta gisa epaituko dute.

GARA |

Iruñeko epaitegi batek onartu berri duenez, Joseba Eceolazak jarritako salaketa ez da delitu gisa epaitu behar, falta gisa baizik, atzo amnistiaren aldeko mugimenduak adierazi zuenez. Ondorioz, liskar arruntzat hartu du eta Eceolaza legebiltzarkide izateagatik ez zutela jo ondorioztatu du Nafarroako 5. instrukzio epaitegiak.

Gertaera delitu gisa aintzakotzat hartu izan balitz, espetxe zigor larriak ezar zitezkeen. Bi gazte auzipetu dituzte horrengatik; erasotzaileak izan zirela frogatu izan balitz eta Eceolaza legebiltzarkidea dela kontutan hartu izan balitz, kasu horretan lau eta sei urte bitarteko espetxe zigorra izan zitezkeen.

Hasieratik bertsio kontrajarriak azaldu ziren. Apirilaren 20ko goizaldeko 5.00ak inguruan gertatu zen dena, Iruñeko Labrit aldapako taberna batean. Argitu gabeko liskarra izan zuten Eceolaza eta bere lagunek, alde batetik, eta honek ezker abertzalekotzat hartu zituen bi gazte, bestetik. Ezpainean kolpea jaso zuela salatu zuen Batzarreko kide eta Nafarroa Baiko legebiltzarkidea denak. Ustezko erasotzaileen izenak ere agerrarazi zituzten.

Auzipetu batek eta hainbat lekukok liskar arrunta izan zela nabarmendu zuten hasiera-hasieratik, eta garbi utzi zuten Eceolazak betetzen dituen karguen ondorioa ez zela. Salatutako beste gazteak, bere aldetik, ukatu egin zuen leku hartan izan zela ere.

Hainbat alderdik eta elkartek laster azaldu zioten elkartasuna Eceolazari, haren lekukotasunari sinesgarritasun osoa emanez. Lau hilabete hauetan zehar garatu den instrukzio fasearen bukaeran, ordea, fiskalak ustez «lesioak» eragiteagatik falta arruntzat jo du gertatutakoa, inolako deliturik ez dela eta legebiltzarkide izateak ez zuela zerikusirik izan, amnistiaren aldeko mugimenduak jakitera eman duenaren arabera. Horren ondoren, akusazioak ere falta izaera hori onartu duela erantsi du.

«Arruek bezala»

Gauzak horrela, Ececolazak eta Batzarrek erabili duten jokabidea gogor kritikatu du amnistiaren aldeko mugimenduak, eta PPko hainbat agintarik egin ohi dutenarekin parekatu du. «Bere deklarazioak gazte horien aurkako espetxe zigorrak ekar zitzakeela jakinda ere, Marisa Arruek egin zuen bezala, gezurra erabiliz, bi gazte akusatu ditu, haien zuzenbide-estatuaren jomugan ezarriz», esan du.

«`Ezker abertzalearen aurka denak balio duen' testuinguru honetan, gezurra esanez eta komunikabide handien bozgorailuak aprobetxatuz, protagonismoa eta onura politikoak bilatu nahi izan dituzte, beraiek aldarrikatu zituzten jarrera demokrazia eta ezkertiarraren aurkako eginez», gaineratu du pren- tsa-ohar batean.

Gogoratzen duenez, bere garaian «zurrunbilo mediatiko» handia sortu zen. Horregatik, bereziki garrantzitsutzat hartu du epaia, «badakigulako epaileek horrelako presioen aurrean hartzen dituzten jarrerak zein norabide izaten duten».

Unas 300 personas participaron en la tarde del viernes en Burgos en una manifestación para exigir el cierre definitivo de la central nuclear de Santa María de Garoña. En la movilización estuvieron presentes dos diputados forales de Araba, Mikel Mintegi, de EA, y Javier Aspuru, de Aralar. También el líder de IU, Gaspar Llamazares.

Espetxe zigorretik...

Salaketa ikusita, eta Joseba Eceolaza legebiltzarkidea dela kontuan hartuz gero, auzipetuta dauden bi gazteei lau eta sei urte bitarteko espetxe zigorra ezartzeko arriskua zegoen.

...falta arruntera

Fiskaltzak istilu arrunta izan zela onartu du orain eta faltatzat hartu du auzia; hori gertatu ondoren, akusazioak ere irizpide beraren alde egin duela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo