GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Pasaiako portuaren inguruko katramilak ez du askatzeko itxura handirik

Euskal Herrian adibide gehiago badira ere, Pasaiako portua, agintariek kosta ala kosta eraiki nahi duten azpiegituraren eta herritarren jarreraren aurka egiteko jokabidearen beste etsenplu bat da. Pasaiako Portu Agintaritzak aste honetan egin dituen ekimen eta iragarpenekin, korapiloa estutu baino ez da egin.

p026_f01_95276.jpg

Maider EIZMENDI

Lanpetuta ibili dira aste honetan Pasaiako Portu Agintaritzan. Astelehenean «Helsinki: Pasaia Berrirako Eredua» jardunaldi teknikoarekin hasi zuten aste honetako lan programa. Vuosaari Helsinkiko portuaren «ontasunak» goraipatu eta Pasaian egin nahi duten proiektuaren «parekotasunak» nabarmendu zituzten.

Aste gogorra izan da, era berean, Jaizkibel Bizirik talde ekologistarentzat. Helsinkin egin duten eta Pasaian egin nahi duten portuak «suntsitzaileak» direla nabarmendu dute, baina eremu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta, Euskal Herrirako prestatu duten proiektuak ondorio are kaltegarria- goak lituzkeela ondorioztatu dute; besteak beste, Pasaian egin nahi duten portua babestutako espazioan eraiki nahi delako, edota eraiki gabeko gunean delako. Helsinkin ordea, ontziola bat zegoen lurretan eraiki dute. Ondorio bakar eta garbia atera dute, beraz, talde ekologistako kideek «Pasaiako Portu Agintaritzak Helsinkiko kasuaz ikasi nahi duen gauza bakarra, herritarren eta talde ekologisten gainetik proiektuak aurrera eramateko era».

«Lau alternatiba?»

Aste honetan ere Pasaiako Portu Agintaritzak Iberinsa ingeniaritza-enpresak egindako «Alternatiben ikerketa» aurkeztu du jendaurrean. Orotara, lau dira, baina ez dira lau. Izan ere, aurkezpenean bertan, dagoeneko, horietako bi baztertu zituztelako. Lehen aukerak egungo egoera mantentzearen aldeko apustua egiten du, baina «ez dela errealista» adierazi zuten; beraz, aldi baterako aukera baino ez dela azaldu zuten.

Bigarrenak, egungo portuak jasotzen dituen karga «zikinak» eragotzi eta «garbiagoak direnak» erakartzen ditu. Aukera hau ere ez da Pasaiako Portu Agintaritzaren begikoa, haien esanetan, Pasaiako Badia eraberritzearekin «bateragarria» ez delako.

Hirugarren eta laugarren aukerak dira erakunde horrek bideragarri gisa jo dituenak eta kanpoko portua eraikitzea eskatzen dute nahitaez. Bata eta bestean artean dagoen aldea, handitasuna da, bata bestea baino 200 metro luzeagoa baita. Oinarrian ikusten denez, Portu Agintaritzaren asmoen artean ez dago, inondik ere, Pasaiara iristen den karga murrizteko asmorik, ezta gutxiagorik ere. Hain zuzen, egun 5 milioi tona mugitzen badira, helburua, lehen aldi batean, 9 milioi tonara iristea da, baina aurrez iragarri dutenez, ahalmena handiagoa izango da eta ez dute baztertzen 12 milioi tonetara iristea ere. Jasotzen dituzten merkantziei dagokienez, «ekoportuaren» proiektua, zentral termikoa eta txatarra aipatu zituzten. Aste honetan, berriz, Itsas bidaiak egiten dituzten itsasontzi handiak ere aipatu dituzte.

Jaizkibel Bizirik taldearen iritziz, alternatiba horiek Pasaiako labarrak eta ingurua, Natura 2000 babesa duena, txikituko lituzkete. Haien esanetan, proiektu horiek aurkeztuta agerian gelditzen da Pasaiako Portu Agintaritzak ez diela jaramon egiten ikerketei ez eta adituen iritziei ere, eta gainera, Jaizkibelen ez ezik, Oarsoalde osoan eta Gipuzkoan ere eragina izago duela uste dute.

Horrez gain, proiektuaren bideragarritasun ekonomiko eta teknikoa ez dagoela ziurtatuta ere gogora ekarri dute. «Are gehiago, ez dago dokumentu bakar bat ere horren premia argudiatzen duenik». Bideragarria izateko aukera bakarra, «dimentsio handiko zentral termikoa eta hidrokarburoen planta eraikitzea da»

Euren apustua, portu garbia egitea da. Egun dagoen portua mantentzea eta bertaratzen diren merkantziak nolakoak diren zaintzea eta aukeratzea.

Dagoeneko asko luzatzen ari den katramila honek, itxura guztien arabera, datozen hilabeteetan ere emango du zeresanik. Izan ere, Pasaiako Portu Agintaritzak aurreratu duenez, datorren urtean ingurumenean izango dituen eraginak aztertzeko txostena amaitu egin behar da eta lanak enpresaren bati eman beharko zaizkio. Aldez aurretik, ordea, alternatibetako bat aukeratu eta Espainiako Portuen Kontseilu Errektorean onartu beharko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo