Auto-bonba batek 17 lagun hil ditu Sirian, urteetako atentatu larriena izanik
Auto-bonba batek 17 lagun hil zituen atzo Sirian. Atentatua, okerrena urteetan, Damaskotik aireportura doan errepidean gertatu zen. Inguruan, Estatuaren segurtasun-egoitza eta xiiten erlijio gunea daude.
GARA |
Ia goizeko bederatziak zirenean (Euskal Herrian bat gutxiago), auto-bonba batek Damaskotik aireportura doan errepidean leher egin zuen. 17 pertsona hil eta beste 14 zauritu zituen. Leherketa Al Mahalaq al Yanubi kalean gertatu zen. Hortik gertu Mafraq al Sayida Seinab deritzan gune erlijiosoa dago. Oso ezaguna da Libano eta Irango erromen xiiten artean, Mahoma profetaren ilobaren omenez eginiko mausoleoa baitago. Dena den, Al Jazeera kateak aipatu zuenez, erasoaren jo puntua Estatuak zonaldean duen segurtasun egoitza bat izan zitekeen.
Eztanda lurra mugitu izan balitz bezala izan zela azaldu zuten lekukoek. Iturri batzuen arabera, 200 kilogramo lehergailu zituen autoak. Autopistan sakabanatuta gelditu zen eta lurrean zulo handia ireki zuen. Kalte materialak ere handiak izan ziren. Ehun metroko inguruan zeuden eraikin eta etxebizitzen aurrealdea kaltetu eta, larunbata izanik, hutsik zegon ikastetxe baten kristalak puskatu zituen.
Hipotesi andana
80ko hamarkadatik hona Sirian gertatu den erasorik larriena dela adierazi zuen Barne ministroak, Bassam Abderl Majeed-ek. 1986ko martxoaren 13an, lehergailu batek 60 lagun hil zituen. Hilabete bat beranduago, 144 pertsona hil ziren bost herritan izan ziren leherketetan.
Egileak nor izan zitezkeen ez zuen argitu. Horren gainean hainbat hipotesi zeuden. Erbestean dauden Anai Musulman siriarren aburuz, atentatua Siriako boterea eskuratzearren segurtasun indarrek beraien arten duten borrokaren ondorio da. Hala plazaratu zuen Londresetik taldearen bozeramaile Zuheir Salemek.
Hanin Naser legebiltzarkideak, berriz, Israelgo intelijentzia zerbitzuei leporatu zien gertatutakoaren ardura. Siriako telebistari eginiko adierazpenetan, eraso horretatik etekin gehien ateratzen duena Israel dela helarazi zuen. Atentatua erlijio kontuekin zerikusia zuela ziotenak ere bazeuden.
Otsailean, beste auto bonba batek Imad Muoghniyah hil zuen. Libanoko Hizbularen militar garrantzitsua zen. Talde xiitaren buruzagi Sheikh Hassan Nasrallah-ek arduraduna Israel zela esan zuzen. Azken horrek halakorik ukatu zuen.
Abuztuaren 2an, presidente siriarraren segurtasun aholkularia zen Mohamed Suleiman hil zuten Tartous kostaldeko hotel batean.