GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Ezker abertzalearen agiriaren laburpena

Izan zirelako gara, garelako izango dira... borroka dugu bidea!

 


Egoera berezian datorkigu Gudari Eguna. Euskal Herriaren askatasunaren alde bizia eman dutenei omentzeko urtero hartzen dugun data hau, azken hamarkadetan ezagutu dugun egoera gordinetakoan datorkigu aurtengoan. Era ezin argiagoan ikusi dugu estatuen apostua ezker abertzaleak ordezkatzen duen proiektu independentistarekin amaitzeko.

Errepresio estrategia honek bi estatuei eta bere morroi erregionalistei ekartzen ahal dizkieten etekinetatik haratago, jokoan dagoena askoz sakonagoa da. Ezker abertzaleak, herri sektoreekin batera, azken hamarkadetan egindako borrokari esker sakoneko mugimendu eta aldaketak eragin ditu: Euskal Herriaren subjeto politiko izaera, eta ondorioz, zor zaion erabakitze eskubidearen aitortza eztabaida politikoaren erdigunean kokatu dugu. Gatazkaren izaera politikoa inoiz baino argiago ageri da eszenatoki politikoan; eta inoiz baino argiago ere irudikatzen dugu zazpi lurraldeetaz osatutako herria dela. Ezker abertzalearen borrokak estatu ereduaren krisia eta aldaketa politikoaren beharra agerian utzi ditu.

Oinarri horien gainean heldu zion ezker abertzaleak PSOErekin garatutako prozesu negoziatzaileari. Helburu zehatz batekin: herri honen askatasunari ateak irekiko zizkion marko politiko berria erdiestea; hau da, independentzia eta sozialismoaren aukera gauzagarri egingo zuen markoa lortzea. Baina prozesuaren garapenarekin argi ikusi genuen PSOEren asmoak beste batzuk zirela: Konstituzioaren kaiolan, ezker abertzalea iruzur berri batean irenstea baino ez zuen bilatu. Eta beraz, marko demokratiko berri bat eraikitzeari emandako ezezkoak iraupen luzeko eta irismen estrategikoa duen erabakiaren zentzuan kokatu behar dugu; Euskal Herriaren ukazioan eta ezker abertzalearen aurkako konfrontazio fase berri bat zabaltzearen perspektiban, hain zuzen ere.

Prozesu negoziatzailearen hausturatik hona temati heldu dio PSOEk errepresioaren errezeta zaharrari: presoen bizi-baldintzen okertzea, atxiloketak, torturak... Eta zoramen errepresibo horrek helburu zehatza dauka: ezker abertzalearen borroka desaktibatzea eta bere borrokaren balioa neutralizatzea. Are gehiago, estatuen eta bere laguntzaile diren hedabideen eskutik pairatzen dugun ofentsiba ideologiko honen erdian, ezker abertzaleak bere borrokarako gaitasunean konfidantza galtzea nahi dute. Baina ezker abertzaleak zerbait argi baldin badu aldaketa garai honetaraino borrokaren bitartez iritsi garela da eta borrokaren bitartez soilik lortuko dugula herri honen askatasuna; «izan zirelako gara, eta garelako izango dira...», dio esaerak.

Eta proiektu independentistarekin bukatzeko bidelagun zintzoak aurkitu dituzte sektore erregionalistengan. PNV krisialdian murgildurik jarraitzen du eta zulotik ateratzeko Ibarretxek aldaketa politikoaren aldarria bereganatzeko saiakeran eta PSOErekin konfrontazio faltsu batean murgildurik dago. NaBai, markoaren legitimatzaile bihurtu da, Nafarroan eman beharreko aldaketa politikoa gobernuan eman daitezkeen politika zehatzetan (euskaran kasu) eman daitezkeen aldaketa partzialetara mugatuz.

Ez da ezer berria ikusten ari garena. Baina azken urteotan ezker abertzalearen borrokari esker indartzen joan diren elementu berrituak aurkitzen ditugu eszenatoki politikoan: Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aldekotasuna inoiz baino agerikoa, lurraldetasunaren afera eztabaida politikoaren lehen lerroan kokatu dugu... Gauzak horrela, PNVk eta NaBai-k proiektu independentistaren izaera eta honen inguruko herri eskaera desitxuratu nahi dute: autodeterminazio eskubidea ezer ezean gelditu den hiru herrialdeei begirako galdeketa batekin parekatuz; edota lurraldetasun printzipioaren aurrean herri honen zatiketan areagotzen dituzten dinamikak eta planteamenduak garatuz. Horrela, autodeterminazioan eta lurraldetasunaren oinarritutako aldaketa politikoa sustengatzen duen gehiengo soziala, iruzur berri baten bitartez bereganatzeko asmoz.

Zentzu honetan, bereziki argigarria da herri honen biziaraupenerako estrategikoak diren eremu ezberdinetan eman diren urrats iruzurtiak: euskararentzako sasi-planak ere euskal ikasleei Euskal Herriaren ezagutza bermatzen ez dieten curriculum proiektuak, herri honen kirol selekzio propioak izateko eskubidea sasi-planteamenduekin estaliz edota Abiadura Handiko Trena bezalako egitasmo txikitzaileak herri honen mesedetarako proiektu gisa aurkeztuz. Beti ere, herri eskaera desitxuratzeko asmo argiarekin.

Egoera zail honetan ezker abertzaleak, independentzia eta sozialismoaren bidean aurrera egiteko bere determinazio osoa erakutsi behar du. Bide horretan aurrera egiteko, ezker abertzaleak badu estrategia oso bat, nazio eraikuntza estrategia hain zuzen ere. Herri hau egunez egun eta eremuz eremu eraikitzeko estrategia eta pairatzen duen zapalkuntza estrukturalari aurre egiteko ere balio duena. Euskal Estatuaren ikusmiran, proiektu politiko guztiak gauzagarri egingo dituen eta autodeterminazioa eta lurraldetasuna oinarri izango dituen marko demokratikoa lehengo estazio bezala kokatzen duena. Estrategia horrek borroka du oinarri; jakitun garelako estatuek inoiz ez digutela euren borondatez ezer oparitu. Are gehiago, jakin dakigulako soilik estatuak eta euren morroi erregionalistak presionatuz lortuko dugula egoera aldatzea. Beraz, guztion eginkizuna da borrokari daukan balio politiko aitortu eta borrokari lotzea.

Baina borroka horrek oinarri sendoak behar ditu; herrietan izan behar ditu oinarriak. Ezker abertzaleak duen kapital politiko nagusia bere kidego dago; honek herri, auzo, eskola edota lantokietan erakusten duen lanerako eta borrokarako konpromezu eta gaitasunean.

Eta garrantzitsuagoa dena: ezker abertzaleak bere borrokarako gaitasunean sinistu behar du; borrokaren bidez aurrera egin eta Euskal Herria aldaketaren atarira ekarri dugulako. Beraz, borrokaren balioa hirugarren maila batean uzteko ofentsiba ideologiko honen aurrean, determinazio osoarekin agertu behar du ezker abertzaleak eszenatoki politikoan.

Hori izan da gudariek erakutsi diguten eredua: konpromezua eta borrokarena; eta hori da gaurko Gudari Egunean omentzen ari garena. Euskadi Ta Askatasunaren sorreraren berrogeita hamargarren urteurrena gertu daukagun honetan, Txabi Etxebarrieta eta Joxe Migel Beñaran «Argala» hil zituzten 40. eta 30. urteurrena da aurtengoa. Bi gudarien lana, gainontzeko gudarien lanarekin batera, eredugarri izan behar du ezker abertzale osoarentzat.

Eta konfrontazio egoera honetan, estatu espainiarrak lerro berri bat ireki du gudarien eta hauek ordezkatzen duten militantzia ereduaren aurka; beraien izenak daramaten kaleen izenen aldaketak eskatuz. Gudariek herri honetan duten herri babesa ezkutatu eta beraiek ahaztera eraman nahi dute, «terroristak» bailiran bezala. Bitartean torturatzaile eta faxista ezberdinak omentzen jarraitzen dute, «biktimen» inguruko diskurtso faltsu batekin. Baina ez dute lortuko. Herri honek ederki asko ezagutzen ditu bere seme-alabak eta ez ditu bide bazterrean ahazturik utziko. Beraiei eta beraien borrokari esker irekitzen zaio herri honi aldaketa politikorako aukera eta euren eredua jarraitzen duten belaunaldi berriei esker iritsiko da Euskal Herria askatasunera.

Borroka garaiak dira. Konpromezu eta iniziatiba garaiak. Erasoen gainetik, bideari ilusioz eta determinazioz heltzeko uneak dira oraingoak. Beraz, lotu borrokari, irabaztera goaz, Euskal Herria dugu irabazteko!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo