Pandoraren kutxa ireki du Zinemaldiko epaimahaiak
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak ateak itxi zituen atzo, betiko moduan eztabaida sortuko duten sariak banatu eta gero.
Anartz BILBAO
Kursaal aretoa jakin-minez lepo zegon atzo, aurtengo Zinemaldiko sarituak ezagutzeko irrikaz. Ohikoa duen legez, epaimahaiak ez zuen inor ase, aurreikusitakoarekin zerikusi gutxi izaten baitute azken emaitzek, atzo tarteka izan ziren txistu eta txaloek berretsi zuten legez. Erabakiak jakin ondoren, Maria Cristina hotelera jo genuen korrika kazetariok, han, sarituren bat harrapatzeko asmoz.
Pelikularik onenaren Urrezko Maskorra «Pandoranin Kutusu» turkiarrak irabazi du, eta Yesim Ustaoglu zuzendariarekin egoteko parada izan genuen hoteleko 103. gelan. «Estambulen nengoen jada, baina Zinemalditik bueltan deitu zidaten eta hemen nago, pozez gainezka», esan zigun, lotsati. Gela berean izan genuen Tsilla Chelton, pelikularen protagonista ere. Laurogeita hamar (bai, bai, 90) urte ditu frantziar antzezle animosoak, eta astiro-astiro dabilen arren, lasai asko egin zigun bere ibilbidearen laburpena, saria lortu izanaz «harro», xanpain-kopa eskuan hartuta. Emakume lan bikainak izan direla-eta, «Frozen River» filmeko Melissa Leorekin tartekatzen zuen saria (maskorra erdibitu beharrean bana emango diegu, bakoitzak berea ondo irabazia du-eta, azaldu zuen Demme epaimahaiburuak). Leo zazpietan etortzekoa zen hirira, galan parte hartzeko.
Gidoi onenaren saria Benoit Delepine eta Gustave Kervern ganberroek irabazi zuten «Louise-Michel» pelikulagatik, eta baita ospatu ere, ardoa edan eta edan. Zurrunbiloen erdian Samira Makhmalbaf ere agertu zen, beti bezala, zapi eta soineko beltzez, hitz egiterakoan eskuak mugitzeko eta keinuak egiteko duen modu bitxiarekin. Aipamen berezia jaso zuen berak zuzendutako «Asbe Du-Pa» lanak, umeen antzezpenagatik.
«El nido vacio»-k gizonezko antzezle onenaren Zilarrezko Maskorra (Oscar Martinez) eta argazkilaritza onenaren saria (Hugo Colage) jaso ditu. Daniel Burman zuzendariak biak txalotu zituen: «asko lagundu dutelako, gidoia egitean eta sentsazioak transmititzean». Zuzendari onenaren saria «Genova» filmeko Michael Winterbottomek eskuratu zuen. Gizona, atzo, dagoeneko Texasen omen zen.
Venezian aurten izandako kritika eskasekin alderatuz, Sekzio Ofiziala interesgarria izan da aurten Donostian, eta irribarretsu bezain lasai azaldu zitzaigun Olaciregui jaialdiko arduradun nagusia, «pelikula bikainak ikusi eta jendeak harrera beroa egin dielako», Paul Newman zendu izanak eguna pittin bat gaiztotu bazigun ere.
Gainerako sariak
Horizontes Saria jaso zuen Hernandez Guatemalakoa da. Harriturik zegon gizona, «badakigulako oso garrantzitsua dela jaialdi hau Latinoamerikako zinemarako» eta «`Gasolina' oso aurrekontu txikiarekin egin genuen, `Cine en Construcción' sariari esker» azaldu zuen apal. Yulene Olaizola mexikarraren «Intimidades de Shakespeare y Víctor Hugo»-ri aipamen berezia egin zioten, eta hunkiturik zegoen. Familia du hemen, eta «gora Mexiko eta gora Euskal Herria», aldarrikatu zuen. Enrique Rivero herrikideak ere jaso zuen aipamena, «Parque Vía»-gatik. «Aurten hoberako harritu nau ezagutzen nuen jaialdiak» esan zuen pozik, «jende zoragarria ezagutu dut».
Altadis-Zuzendari Berriak Saria Cao Baopingek jaso zuen «Li mi de cai xiang»-gatik, eta bere lana goraipatzeak «konfiantza eman» dio. Jaime Rosalesek «Lan ausarta izan da» esan zuen, «baina egin behar nuela sentitzen nuen». «Tiro en la cabeza»-k jaso zuen Fipresci saria.