Partida San Mamesen
Bidea ezagututa, bertara itzultzea baino ez da falta
Valladoliden aurkako partida erreferentetzat hartuta, Athleticek Huelvan egin zuen partida kaxkarra ahaztu eta etxean bigarren garaipena jarraian eskuratzea espero du gaur arratsaldean Getaferen aurka.
ATHLETIC - GETAFE
GARA | BILBO
Denboraldi hasieran hainbat zalantza sortu ondoren, Athleticek, zorionez, ez zuen denbora gehiegi itxaron izan behar lehen garaipena lortzeko.
Valladoliden aurkako partida hark taldea lasaitzeaz gain, bere ingurua ere lasaitu zuen. Hurrengo jaurdunaldietarako erreferente ere bilakatu da, zuri-gorriek jokoa eta emaitza bateratzea lortu baitzuten. Zoritxarrez, hiru egun besterik ez ziren pasa taldeak, Huelvan, bere bertsio apalena eskaini arte, baina, bide egokia zein den badakitenez, ez luke zaila izan beharko bertara itzultzea.
Horixe da helburua gaur arratsaldean, batez ere Athleticek nolako egutegia duen kontuan hartuta. Beren jokoak gorabeherak izan dituen arren, bilbotarrek hiru jardunaldi daramatzate galdu barik, eta hori sailkapenean islatzen da. Getaferen aurka garaipena lortuz gero, puntuen koltxoi lasaigarria izango luke taldeak Sevilla, Barcelona, Villarreal eta Real Madriden aurkako partidei ekiteko.
Asmo horrekin, Joaquin Caparrosek oso aldaketa gutxi egingo du, oraingoan taldea errepikatuko ez duen arren. Defentsa mantenduko du, baina erdiko lerroan, Orbaizek eta Yestek hamaikakoan egoteko aukerak dituzte. Aurrean, berriz, Llorentek eta Ion Velezek jokatuko dute berriz ere.
Deialdian berriak ere badira, nabarmenena Iñigo Velez sartzea. Aurrelaria lehen aldiz sartu da Caparrosen zerrenda batean, kasu honetan, minduta dagoen Joseba Etxeberriaren ordez. Gasteiztarrak, hala ere, aulkian jarrita hasiko du partida.
Arazo gehiago izan ditu Victor Muñozek, bai taldea, bai deialdia gauzatzeko orduan, Getafek sei jokalari baitauzka erizaindegian. Buruhauste haundienak, hala ere, jokatuko dutenek sortu dituzte. Batez ere, Joffre Guerronek, denboraldia hasi zenetik iskanbilak izan baititu hainbat taldekiderekin eta baita Getafeko komunikabideekin ere. Gaur, hala ere, hamaikakoan egongo da Bilbon.