Derbiaren biharamuna
Egoeraren larritasuna onartu arren, ezin da itxaropena galdu
Miguel Flañoren iritziz, Osasunak «albait arinen irabazi behar du partida bat». Hala, hurrengo neurketak nahitaezkoak izango dira.
Arnaitz GORRITI | IRUÑEA
Azken postuan, partidarik irabazteke eta golik inola ere sartu ezinda; hara Osasunaren egungo egoera. Gauzak oso zail jarri zaizkio talde gorritxoari eta arin zuzendu ezean, bereak eta bi pasa beharko ditu Lehenengo Mailan beste urtebete emateko. Igandeko derbian Athleticen aurka galdu ostean, nafarren egoerak okerrera baino ez du egin gainera.
Baina eguzkia atzo ere atera zen Taxoaren eta, pozik zein triste, lanera itzuli behar izan zuten Jose Antonio Camachok eta gorritxoen lehen taldeko jokalariek. Entrenamenduaren ostean, berriz, Miguel Flaño atera zen kazetarien aurrera hitz egitera. Ulertzekoa den moduan, iruindarrak ez zuen berbetan jarduteko gogo larregirik, baina tinko ekin zion mikrofonoen aurrean. Diskurtsoa, berriz, betikoa: egoeraren larritasuna onartu, baina itxaropenari eustea.
«Egoera honek izorratuta gauzka eta taldea ere hala dago, baina oraindik ez gaude atzera bueltarik gabeko unean eta pausoz pauso aurrera egin behar dugu aurreneko partida behingoz irabazteko bidean. Denboraldia luzea da oraindik, baina huts egiteko aukerak murritzagoak dira orain, eta taldeak erregulartasuna aurkitu beharko du bere lanean aurrera ateratzeko».
«Larria da oraindik bost puntu baino ez edukitzea, baina kontua ez da hori, partidek dituzten une erabakigarrietan gauzak ongi egitea baizik», gaineratu zuen Flañok.
Bat eginik beti
Atzelari iruindarrak taldearengan erabateko konfiantza duela erakutsi zuen, kideak «aurrera egiteko lanean bat eginik» ikusten dituela esan baitzuen. «Aldagelan sartu eta bakoitza bere kasa dabilela ikusiko banu, aurrera ateratzeko lehian bat eginik ez gaudela ikusiko banu, ez nintzateke hona hitz egitera ateratzen ausartuko», aitortu zuen.
Elkarlan horren lehen xedea, noski, behingoz lehenengo garaipena lortzea da. Bide horretan, Flañoren aburuz, hurrengo bost neurketetan garaipenen bat lortzea ezinbestekoa da.
«Albait arinen lortu behar dugu gure aurreneko garaipena. Denbora agortzen ari da pixkanaka eta, beraz, nahitaezkoa da hurrengo bost neurketetatik baten bat ateratzea».
Azkenik, Jose Antonio Camachoren inguruan galdetu zioten kazetariek atzelari nafarrari. Jose Angel Ziganda kaleratu zutenetik, puntu bakarra eskuratu du Osasunak Camachoren agindupean, baina Miguel Flañoren hitzetan, ez zen Murtziako teknikariari buruzko konfiantza faltarik azaldu.
«Camacho une zail batean iritsi da Iruñera. Jokoari dagokionez, kontzeptuak argi eta garbi ditu, nahiz eta uneotan ez dituzten behar bezalako emaitzak ematen, baina horrek ez du esan nahi taldearen egoera hobetzea lortuko ez duenik», amaitu zuen.
«Albait arinen lortu behar dugu gure aurreneko garaipena. Denbora agortzen ari da pixkanaka eta, beraz, nahitaezkoa da hurrengo bost neurketetatik baten bat ateratzea», aitortu zuen Miguel Flañok.
Hainbeste albiste txar pilatzen direnean, albiste on txikiena ere pozgarria da. Roversiok, Getaferen aurkako Kopako partidan eskuineko belauna zatitu ostean -aurrealdeko lotailu gurutzatua, kanpoaldeko meniskoa eta, partzialki, barneko lotailu laterala apurtu zituen-, atzo jaso zuen senda-agiria. Orain, atzelari brasildarrak zortzi bat hilabeteko epea beharko du guztiz osatzeko.
Jokalari hegoamerikarrak ezingo dio Osasunari egun murgilduta dagoen zulo beltzetik irteten lagundu eta, beraz, talde nafarrak Roversio gabe lan egin beharko du honen hobe beharrez. Hala, Camachoren mutilek lan saioa izan zuten atzo goizean. Bertan 14 jokalarik baino ez zuten parte hartu, hala ere; izan ere, min hartuta dauden jokalariez gain, Masoud, Nekounam, Vadocz eta Azpilikuetak nork bere herrialdeko selekzioarekin kontzentratu behar izan baitzuten. Horrez gain, Margairaz, Monreal, Dady, Delporte, Puñal eta Plasilek aparte egin zuten entrenamendua, Josu Sesma prestatzailearekin batera. San Mamesen jokatu zutenek, aldiz, indarberritze lana egin zuten batik bat. Ohi bezala, atseden eguna izango dute gaur gorritxoek.