Sokatira Euskal Herriko Launakako Txapelketa
Auzolan taldeak indartsu ekin dio denboraldiari
Gipuzkoarrak izan ziren onenak, eta aurten aurkariek oso kontuan hartu beharko dituztela erakutsi zuten.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Auzolanek gogor ekin dio aurtengo denboraldiari berak irabazi baitzuen sasoiko lehen ekinaldia. Jende ugari batu zen larunbat arratsaldean Ibarrako kiroldegian Launakako Euskal Herriko Txapelketako lehen ekinaldia ikustera.
320 kiloko taldeak lehiatu ziren, eta horiek lau jardunalditako ligaxka jokatuko dute. Horren ostean estreinako seiek jokatuko dute finala. Beraz, bat bakarra geratuko da kanpoan.
Lehen jardunalditik hainbat ondorio atera daitezke. Hasteko, Auzolanen lana. Gipuzkoak lehiaketa honetan mutiletan izango duen talde bakarrak oso maila ona eman zuen. Bestetik, Abadiñorena izan zen. Bizkaitarrek gehiago emango zutela espero zen. Joan den urtean bai launakakoan, bai eta zortzinakakoan ere dena irabazi zuten, baina aurten hasiera ez da onegia izan, nahiz eta faborito izaten jarraitzen duten. Azkenik 6 Conceyosena. Urtero bezala, asturiarrak Euskal Herriko lehiaketa jokatzen ari dira, baina besteen aldean maila apala dute, lehen jardunaldian ikusi zen bezala.
Zortzinakakoan ere abian da denboraldia, eta herenegun Arbizun hasi zen Nafarroako txapelketa. Gizonezkoetan bi talde besterik ez dira arituko, eta lehen jardunaldian 640 kilotan lehiatu ziren. Berriozarrek mendean hartu zuen Amaiur, eta beraientzat izan dira lehen bi puntuak. Amaiur taldeak, berriz, puntu batekin geratu behar izan zuen. Nesketan lau talde arituko dira. Lehen jardunaldiaren ezaugarri nagusiak oreka eta berdintasuna izan ziren.
Beti Gazte eta Sakanak berdindu egin zuten sailkapeneko lehen postuan eta dema handia izango dutela ikusi zen hastapen honetan. Biek dute talde ona, eta ikuskizuna emango dutela ikusi zen. Biek 3,5 puntu batuta berdinduta geratu ziren sailkapeneko goiko muturrean. Atzetik sailkatu zen Amaiur taldea. Hauek ere ez zuten lan txarra egin, baina ezin izan zituen aurreko bi taldeak garaitu, eta bi punturekin konformatu behar izan zuten. Lehen jardunaldiko ahulena Txantrea izan zen, eta Iruñeko neskek puntu bakarra eskuratu ahal izan zuten.
Urteko herri-kirol ekitaldirik garrantzitsuena izaten da Euskal Herriko aizkolarien finala, bai behintzat lehiaketa ofizialei dagokienez. Lekua topatzea sekula baino korapilatsuagoa izan bada ere, azkenean iristear da eguna, eta datorren igande eguerdian lehiatuko dira Amurrion, abuztu erdialdean Araian txartela lortu zuten seiak. Bertan izango dira, Nazabal, Txapartegi, Lopez, Azurmendi, Olasagasti eta Vicente. Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu beharko dituzte. Nazabal da faborito nagusia.