Lau eta Erdiko Txapelketa
Aimar eta Irujoren artekoa Gasteizen jokatuko da
Ligaxka erabakiko duen neurketa izango da aurtengo txapelketan Arabako hiriburuan jokatuko den lehena, eta kantxako sarrerak 50 euroan jarri dituzte.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatuko dute datorren igandean Olaizola II.aren eta Martinez de Irujoren arteko partida erabakigarria. Hasiera batean Eibar aipatu bazen ere, azkenean edukiera handiena duen frontoiaren aldeko hautua egin dute enpresek. Norgehiagokak ikusmin handia piztu du eta, horregatik, aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketa lehen aldiz iritsiko da Arabako hiriburura. Bestalde, Barriola eta Titinen artekoa larunbatean jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Bi partiden arteko ezberdintasuna, ikusminari dagokionez, sarreren salneurrietan ere antzemango da. Aimar eta Irujoren artekoa kantxako eserleku batean ikusteko 50 euro ordaindu beharko dira -20 beste lekuetan-. Barriola eta Titinen artekoan, aldiz, 40 eurotan jarri dituzte kantxako sarrerak -20 eta 15 eurotan gainontzekoak-.
Kontuan izan behar da, larunbatean gertatzen dena gertatzen dela, igandeko partida amaitu bitartean ez dela jakingo zeintzuk diren bi finalistak, eta horrek interes berezia ematen dio Gasteizko partidari. Gainera, Aimar Olaizola eta Martinez de Irujo dira sailkapena lortzeko beste inoren zain egon behar ez duten pilotari bakarrak. Olaizolak nahikoa du zazpi tanto edo gehiago egitea; Irujok, berriz, Olaizola 20 tanto edo gutxiagoan uzten badu eskuan izango du finala, baita berak irabazi eta Barriolak galtzen badu ere.
Emozio handiagoa, beraz, ezin zaio eskatu finalerdietako ligaxkari. Material aukeraketei dagokienez, Titin eta Barriola bihar bertan bilduko dira Labriten 11.30ean; Olaizola eta Irujo, berriz, ostegunean gerturatuko dira Gasteiz aldera ordu berean. Azken hitzordu horrek zeresana eman dezake Olaizolak larunbatean ateratako materialak sortu duen zalapartaren ostean.