Kontzientziaziorako beta hartu zuten atzo Ikasleen Nazioarteko Egunean
Euskal Herriko hainbat ikastetxe eta unibertsitatetan ekintza «astintzaileak» burutu zituzten atzo Ikasleen Nazioarteko Eguna zela eta. Horien artean, asanbladak, kontzentrazioak eta parodiak izan ziren.
GARA |
Ikasleen Nazioarteko Eguna aitzakia harturik, hainbat «ekimen astintzaile» egin zituzten atzo Euskal Herriko zenbait ikastetxe eta fakultatetan Ikasle Abertzaleak taldeak deituta. Beren hitzetan, «euskal ikasleriak egun bizi duen egoeraren aurrean, ikasleok burua astindu eta kontzientziatzeko eguna izan dugu», adierazi zuten.
Hainbat eskolatan asanbladak, kontzentrazioak eta ekimen «astintzaileak» burutu zituzten goiz osoan zehar. «Gaurko egunak argi erakusten digu ikasleok makina bat aldiz irauli dugula mundua eta horretaz jabetu eta hezkuntza guneetan dagokigun tokia berreskuratzearen beharra azpimarratu dugu», adierazi zuten.
Salaketa ugari egin zituzten atzokoan, horietako bat, eskoletan egin zutena izan zen. Hamalau eta hemezortzi urte bitarteko ikasleak «ume moduan tratatzen» dituztela salatu zuten atzo Ikasle Abertzaleek. «Hori salatzeko eta nahikoa helduak garela aldarrikatzeko eguna izan zen», adierazi dute.
Egun horri begira, aurreko asteetan «jendearen jakin-mina pizteko» kanpaina egiten aritu dira. Beren hitzetan, «bizi dugun egoeraren aurrean ikasleak kontzientziatzen aritu gara eta gure ahoetan indarrez sartu dizkiguten txupeteak sutara bota ditugu», adierazi zuten.
Horren adibide izan zen esaterako, Donostiako Zubiri ikastola. Bertan, jolas-orduan hainbat ikasle bildu eta txupeteak erre zituzten ikastolaren atarian, «ezarri nahi diguten ume izaera hori ez dugula inolaz ere onartzen irudikatzeko».
Kontzientzia astintzen
Pasaia-Lezo Lizeoan berriz, asanblada egin zuten bertako ikasleek. Ikasleen Nazioarteko Egunaren historia aztertu zuten. Horrekin batera, «ikasleok dugun berezko izaeraren eta iraultzarako grinaren kontzientzia hartu dugu».
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek berriz, parodia bat antzeztu zuten. Horrela, ikasle bat artzain gisa eta gainontzekoak ardiz jantzita ibili ziren campuseko pasilloetan barrena. Artaldea bere atzetik eraman nahi zuen artzaina agertu zen, eta ardi zuriak zintzo jarraitzen zioten. Beren ardura bakarra eskoletara joatea zela irudikatu nahi zuten. Ardi beltzak berriz, «ikasleek hitza izan behar dutela aldarrikatuz» ardi zuriak eta pasilloetan bildu zen jendea zirikatzen aritu ziren, «beraien kontzientziak astindu nahian».
Era ikusgarrian
Gasteizko campusean ere hainbat parodia egin zituzten, eta unibertsitatea modu ikusgarrian apaindu zuten «gaur egun ezkutatu nahi diguten eta berez izan baden unibertsitatea irudikatu nahian».
Bestetik, unibertsitatean euskarari «ematen zaion trataera» salatu nahi izan zuten. Horretarako, Gasteizko campuseko fakultate bat espainiar banderez eta espainiera hutsean zeuden kartelez josi zuten. Beste fakultate batean berriz, «ikasleak katez lotzen gaituen full-time eredua» salatu nahi izan zuten, horretarako fakultateko sarreran panpina bat katez loturik zintzilikatu zuten.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan parodia bat antzeztu zuten, bertan artzainari jarraitzen ez zioten ardi beltzek, pasilloetan bildutako ikasleen eta gainontzeko ardi zurien kontzientziak astindu zituzten.