Elkartzenek aurrekontu parte hartzailea eskatu dio Gasteizko Udalari
GARA |
Elkartzenek Gasteizko Udalak 2009rako aurrekontua «isilpean» eta «herritarren parte hartzerik gabe» diseinatu duela salatu zuen.
Erakunde honen arabera, «gure benetako beharrak ez direla Udal honen lehentasuna salatzen urteak daramatzagu». Bere hitzetan, «kontu publikoen diseinuan, herritarren parte hartzeak soilik berma dezake horiek guztion onerako tresna izatea».
Horretarako, Gizarte Ongizateko Sektore Batzordea eratzeko egindako eskaeren aurrean Udalak «lotsagabeki ezikusiarena egin» duela gaineratu zuten. Elkartzenen ustez, «kontseilu hori arazoak eztabaidatzeko bide naturala litzateke, arazo horiei eguneroko jardunean aurre egiten dieten kolektiboen parte hartzeari esker».
Gaineratu zutenez, gaur egungo krisi ekonomikoaren aurrean «gure egoera pertsonala gero eta okerragoa da, eta Udalak hiriko gizarte zerbitzuen deuseztapen nabarmenen aurrean ez du ezer ere egiten». Behin eta berriz, «edozein eztabaidaren aurrean herritarren parte hartzeari ateak ixten» dizkiola salatu zuten.
Orain inoiz baino gehiago
«Batzuen ausarkeriak egoera ekonomiko larria ekarri digu eta, horrenbestez, gure dirua zertan gastatu erabaki nahi dugu, orain inoiz baino gehiago», adierazi dute Elkartzeneko kideek. Bestetik, «biztanleriaren zati handi bat etxebizitza politika basatian galduta dagoen honetan», aurrekontuen partida bat alokairuzko etxebizitzetara bideratu dadin eskatzen dute.
Gasteizko bizilagunei «diru sarrera duinak» bermatzea eskatu zuten, bestetik. Salaketa horren adibide aipatu zuten, Patxi Lazcozek «harrokeriaz eta arduragabekeriaz herritarron dirutik 35.000 euro gastatu nahi izatea». Beraz, «aurrekontu politika serio bat nahi dugu, Gasteiztarron parte hartzea izango duena».