GARA > Idatzia > > Mundua

«Lagun kubatarrari» bisita egingo dio Txinako presidente Hu Jintaok

Txinaren eta Kubaren arteko elkarlan ekonomikoa bultzatzeko helburuarekin heldu da Habanara Hu Jintao presidente txinatarra. Honakoa Hu Jintaok 2004az geroztik Kubara egiten duen lehen bisita da. Raul Castro presidente berria Txinan izan zen 2005eko apirilean.

GARA |

Txinako presidente Hu Jintao atzo gauean iritsi zen Kubara. Raul Castro presidente izendatu zutenetik Habanara egiten duen lehen bisita da. Hainbat enpresaburuk lagunduta, Costa Ricatik heldu zen Hu Habanara. Bertan, trabarik gabeko merkataritza akordio baten gainean negoziaketak egin ditu Txinako presidenteak. Txilerekin eta Perurekin antzeko akordioak sinatu ditu jada Beijingek.

2004. urtetik Huk Kubara egin duen lehen bisita honen programa ez da jakitera eman. Habanatik Perura abiatuko da Txinako agintaria, larunbatean Asia eta Ozeano Bareko Ekonomia Elkarlanerako Forumaren (APEC) bilera egingo baita.

Huren bisitak «alderdi komunisten eta gobernuen arteko loturak indartzea du helburu», Carlos Pereira Kubak Beijingen duen enbaxadoreak esan zuenez. Horrez gain, kultura, ekonomia, hezkuntza, osasun eta bioteknologia arloetan ere elkarlana indartu nahi da.

Hu Jintaoren eta Raul Castroren arteko bilera ofiziala da dagoeneko, eta baliteke Fidel Castrorekin ere hitzordua izatea. Kubako presidente kargua utzi badu ere, Fidel Venezuelako Hugo Chavez eta Brasilgo Lula da Silva presidenteekin bildu da.

Laguntza ekonomikoa

Raul Castro 2005eko apirilean egon zen azken aldiz Txinan, Defentsa ministro eta Alderdi Komunistako bigarren agintari zela. Hainbat adituk Raul Castrok Txinak abian jarritako sistema ekonomiko «mistoan» interesa duela esan dute.

Gauzak horrela, Txinak Kuban ekonomia bultzatzeko proiektuak garatu ditzake. Dagoeneko nikela ateratzen du Txinak Kuban, eta urrea, zilarra, zinka eta kobrea ateratzea ere Beijingen interesen artean dago.

elkarlana

«Txinako eta Kubako alderdi komunisten eta gobernuen arteko loturak indartzea da bidaia honen helburua», azaldu zuen Habanak Beijingen duen enbaxadore Carlos Pereirak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo