GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Soldatak igo ondoren izoztu dituztela salatu du Amurrioko Ezker Abertzaleak

GARA |

Eusko Alderdi Jeltzaleak Amurrioko Udaleko goi kargudunei soldatak izozteko hartu duen erabakiaren karira, Ezker Abertzaleak «lotsagarritzat» jo du neurri hori.

Ezker Abertzaleak legegintzaldiaren hasieran soldatetan 226.000 euro gastatu zituztela, eta kopuru hori «gehiegizkoa» zela salatu zuen, eta «gutxienez %50» jaits zitzatela eskatu zuen. Aurten berriz, soldata horiek igo egin dituzte, alkatearena hain zuzen ere %75 igo dute, beraz, guztira 248.000 euro gastatuko dituzte soldatetan.

Orain, atzeraldi ekonomikoa dagoenez «kopuru horiek gehiegizkoak ez ezik, arduragabekeria eta irain ere bihurtu dira».

Ezker Abertzalearen hitzetan, «kargu publikoek eredu izan behar dute gainontzeko herritarren aurrean». Krisi garaian «erantzun eta neurri sozialak aplikatu behar dira». Adibidez «soldatak izoztu beharrean, jaitsi egin beharko lirateke». Izan ere, «soldatak duela gutxi igo dituzte, eta orain beren jokabidea eredugarria dela erakusteko izoztu egin dituzte».

Talde honek Ogasun Batzordeari honako zalantza helarazi dio, «politikarien soldatak izoztu direla-eta, eredua jarraituz, langileen soldatak ere izoztu egingo al dituzte?». Izan ere, «ez da gauza bera 4.000 edo 6.000 euroko soldatak izoztea, edo 1.200 eurokoa izoztea».

Neurri eraginkorrak

Amurrioko Ezker Abertzaleak adierazi zuenez, krisi garaian «neurri eraginkorrak hartzea beharrezkoa da». Besteak beste, «soldata, protokolo eta kargu publikoen marketin gastuak ahalik eta gehien murriztea».

Gogorarazi zutenez, EAJren neurria baldintzarik gabe babestu zuten EA, PP eta PSOE alderdiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo