GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ainara Maya Urroz Euskal filologoa Txekian

Euskadi ala Euskal Herria? Edo biak?

Normala orain «Euskadi» hitza Euskal Herriko alderdi politiko konkretu batekin nahastea; ene aburuz, alderdi horrek «Euskadi» hitzaren erabilera okerra egin baitu, baina berez «Euskadi»k euskararen lurralde politiko osoa hartzen du

Izena duen guztiak du bere izateko arrazoia, eta errespetatzekoa da guztion iritzia. Beraz, nire errespetu osoa euskal futbolariei beren nahia aldarrikatzeagatik, eta oroit diezaiodan federazioari ofizialtasuna dela euskal Futbol Federazioaren egiteko nagusia eta ez urtean behingo Eguberrietako «karitatezko» partida lagunkoia bakarrik.

Bestalde, pozten nau izenen eztabaida hau herriko plazara ateratzeak, guztiok hausnar dezagun; betidanik izan dudan kezka da, euskal filologo naizen aldetik, gauza bakoitzari nola deitu, batez ere itzulpenari begira eta atzerrian mintzatu behar dudalarik.

Nola erran non dauden euskal herri eta hiri guztiak? wie sagt man das, bitte? Baskenland haben Sie gesagt? Entschuldigen Sie, bitte... ich habe einmal gehört Euskadi, was ist denn? please, could you repeat this word... Bas...Eus..?

Euskal kultura eta historiaren hedatzaile gisa atzerrian, neure buruarekin askotan eztabaidatu dudan gaia da: Euskadi, Euskal Herria, Vasconia, Euskarians...

Argi dago historikoki tradizio luzeagoa duela «Euskal Herria» hitzak «Euskadi»k baino; zer erranik ez «Vasconia»k! Erdi Aroan Antso Azkarrak erabiltzen zuen oraingo zazpi probintziak baino zabalagoa zen euskararen lurraldea izendatzeko... oker banabil, zuzen diezadatela jakintsuek eta adituek.

«Euskal Herria» hitza hitz inprimatuetan lehenbiziko aldiz Lazarragak eman zuen XVI. mendean, baita Leizarragak ere Bibliaren euskarazko itzulpenean euskararen lurraldea eta euskal kultura bizi zuten euskaldunen lurra izendatzeko.

Hala ere, XX. mende osoan lurraldetasun politiko gisa munduan ezagun egin gaituen hitza «Euskadi» izan da (ados, seguru asko XX. mendea informazioaren eta hedabideen gizartea izan delako), XIX. mende bukaeran Sabino Aranak asmatutako hitza. Nik ez dut Sabino Arana ezagutu, bistan da, eta ez dakit zein asmorekin eta zer izendatzeko asmatu zuen «Euskadi» hitza (berari buruz gehiago irakurri beharko nuke, aitortzen dut), baina argi dagoena da XX. mendeko euskaldun guztiak sartu direla hitz horren barnean, Ipar Euskal Herrikoak nahiz Hegoaldekoak, ala?

Normala orain «Euskadi» hitza Euskal Herriko alderdi politiko konkretu batekin nahastea, ene aburuz alderdi horrek erabilera okerra egin baitu «Euskadi» hitzaz (Euskal Autonomia Erkidegoa izendatzen soilik), baina berez «Euskadi»k euskararen lurralde politiko osoa hartzen du; izan ere, ikurrina ere Euskadi hitzaren gisa sortua izan baita zazpi lurralde politikoak bere baitan hartzeko, eta inork ez du zalantzan jartzen ikurrina euskaldun guztiona dela, ala?

Nik futbolarien manifestua errespetatzen dut eta euskaldun guztiei (baita alderdi politiko guztiei eta federazioei ere) honen inguruan serio hausnartzera dei egiten diet. Neure uste xumean, XXI. mendean «Euskadi» ez da Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintziak soilik, baita Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta diaspora ere.

«Euskal Herria»k ere horiek guztiak hartzen ditu, noski.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo