GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Belaunaldi berriak antzera dabiltza

Estereotipoak ez dira aldatu. Mutilek, oraindik ere, indarra dutenak, agintzen dutenak izan behar dute, eta neskek, berriz, mutilen begietara erakargarri izan behar duten «objektuak» eta mutilengan babesa bilatu behar dutenak

Aste honetan bertan neska eta mutil gazteen arteko harremanak eta genero bortxakeria aztertzen dituen ikerketa eman dute argitara eta ondorioa rolak askorik ez direla aldatu izan liteke.

Ni neu ez nau gehiegi harritu, egia esan, gazte askoren jokabidea kalean ikusita: neskak negu gorrian zilborra bistan eta mutilak animaliarena egiten eta neskei zakar berbetan. Benetan kezkagarria, baina, zoritxarrez, ematen du «nagusiak» askoz gehiago kezkatzen direla kalean edaten dutelako edota zaratatsuak direlako. «Nagusientzat» ere sexu bien arteko harremanak osasuntsuak edo guztiz gaixotuak izatea ez dirudi kezka handia denik.

Genero bortxakeria apurka bikote barruko kontu izatetik gizarte osoaren arazo izatera igarotzen ari dela dirudi. Hedabideek bortxakeria kasuen berri ematen dute (morbo hutsean sartuta, askotan), instituzioetako ordezkariek adierazpenak ere egiten dituzte kasu batzuen aurrean, jendea emakumeen kontrako bortxakeria arazo soziala dela ulertzen hasia da... hala ere, ikerketa honetan gazteak horren kontziente izan arren, bortxakeria fisikoarekin baino ez dute lotzen arazo hau eta, gainera, jende «nagusiari» gertatzen zaion kontua bailitzan ikusten dute.

Estereotipoak ez dira aldatu. Mutilek, oraindik ere, indarra daukatenak, agintzen dutenak izan behar dute, eta neskek, berriz, mutilen begietara erakargarri izan behar duten «objektuak» eta mutilengan babesa bilatu behar dutenak. Ez da harritzekoa. Inguratzen gaituzten irudi, hedabide eta mezu guztiek jokabide horiek bultzatzen dituzte etengabe. Neskak objektu sexualak dira eta mutilak horiek erabiltzeko jaio diren izakiak; gerora, tokatu zaion andrea, «gurutzea», jasan behar duena eta gizona andrearen «tontakeriez» potrotaraino dagoena. Atzeraka gabiltzala esango nuke. Erakargarria dena eta ez dena markatzeaz gain, ezin da ulertu telebistek emakumeen eta gizonen arteko sexu-borroka nazkagarri eta faltsuak ateratzea oraindino txisteak egiteko.

Nik ezagutzen ditudan emakume eta gizon gehienak ez dira horrelakoak. Batzuk, gure heziketaren kontra eta gure inguruaren kontra, egunez egun geure burua eta gure albokoa aldatzen ahalegintzen garen bitartean, balio eta estereotipo higuingarriekin bonbardatzen gaituzte etengabean.

Zuetako askok, akaso, kontua puzten ari naizela pentsatuko duzue; beraz, hemen dituzue ikerketa horretan agertutako esalditxo batzuk, mutilek eta neskek botatakoak, edonoren hitz guztiak baino argiagoak:

«¿Ves a ésa?, pues a ésa el sábado me la he follado yo». «Nosotros sí, porque cuanto más follemos, mejor, pero ellas no, porque si le da a todos es una puta». «Si no hay celos, algo malo hay, eso es porque no te quiere». «Si tu novia te pone los cuernos con un amigo, buah, matas... al amigo por sucio y a la novia por hija de puta». «A la novia siempre le está diciendo que es una gorda y que si no está con él, no va a estar con nadie nunca». «Si yo veo que tiene razón, tampoco me vuelvo a poner la minifalda». «Es como que ya te has acostumbrado. Llevas tanto tiempo que ya no... he aguantado tanto...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo