Zientziari eta ezagutzari sostengua, baita hil ondoren ere
Bi urte bestetik ez zituela izan zuen istripuak baldintzatu zuen neurri handian Josebe Olarra beteluarraren bizitza. Eskolatu gabe, etxean hazi eta hezi zuten gurasoek eta bertan ernatu zitzaion zientzia eta ezagutzarenganako pasioa. Hiltzean, DIPC fundazioaren lehen ongile bilakatu da.
Maider EIZMENDI
Aukerak izan badira, laguntza premian dagoen pertsonarik eta talderik han eta hemen badagoelako. Aukera horretan, zientzia alorrean puntako lana egiten duen Donostia International Physics Center (DIPC) fundazioari eman nahi izan zizkion bizitzan zehar batutako ondasunak Josebe Olarra beteluarrak.
Pasa den martxoaren hemezortzian zendu zen emakumea 87 urte zituela, eta DIPCeko presidente Pedro Miguel Etxenikeri aspaldian agindu zion moduan, hitza bete zuen. Donostiako Gros auzoan zuen etxea eta ehun mila euro inguru fundaziori eman dizkio dohaintzan. «Urteak dira niregana etorri zela, eta barkamenak eskatuz, gainera, ni oso lanpetuta egongo nintzela, eta, seguru aski ondasun gehiago zituztenak ere etorriko zitzaizkidala esanez. Hala iragarri zidan bere asmoa; eta hau egiten duen lehena zela esan nionean, harrituta eta penatuta geratu zen», kontatu zuen atzo egindako agerraldian Etxenikek.
Halako ekarpenak ohikoak dira beste leku batzuetan. «Estatu Batuetako Harvad Unibertsitatean 36.900 milioi dolar dituzte funts batean eta neurri handian jendeak emandakoa da diru hori». Olarraren bideari jende gehiagok jarraituko dion itxaropena du Etxenikek, «zientziaren babesle izatea herri baten kultura eta garapen ekonomikoa sustatzea baita». Honakoa gaineratu zuen: «Gehien dutenak ez dira eskuzabalenak».
Esker oneko hitzak baino ez dituzte Olarrarentzat, eta horren erakusgarri, atzo egindako agerraldian eskaini nahi izan zioten omenalditxoa. «Aurrerantzean, gainera, abian jarritako `Fellows' egitasmoetako batek bere izena eramatea ebatzi dugu eta erakunde honen gune esanguratsuenetarikoena den hitzaldi aretoari ere bere izena jarriko diogu, bertan omenezko plaka bat jarriko delarik», adierazi zuen.
Olarraren ekarpena ulertzeko ezinbestekoa da bere bizitzaren ibilbidean erreparatzea, handik baitatorkio zientziaren eta ezagutzaren aurrean erakutsi duen miresmena.
Argentinatik Betelura etorritako bikote batek adoptatu zuten Josebe, lehen semea izan eta besterik ezin zutela izan ikustean. Bi urte besterik ez zituenean auto batek harrapatu, eta besoa galdu zuen eta horrek neurri handian baldintzatu zituen bere geroa. Eskolan ondo ez zutela hartuko pentsatuta, gurasoek ez zuten eskolatu, eta bere kabuz eta familian ikasi zuen, herriko eskolan irakasleren faltan ordezkapenak ere egiten hasteraino. 48 urte zituela joan zen Betelutik Donostiara.
«Ordura arte gurasoak eta etxean zuten izeba zaintzen aritu zen, baita etxeko barazki eta arrautzak merkatuan saltzen ere; familiaren sostengua izan zen», hala kontatzen zuen atzo Rosa Mari Morrasek, bere bizitzako azken urteetan Gurutze Gorriaren bitartez zaindari izan duen emakumeak. «Ezagutzea merezi zuen pertsona zen. Nik asko ikasi nuen berarekin, ahaleginduz gero dena lor zitekeela pentsatzen zuen eta horrela zen, beso bakarrarekin kakorratz lana egiten ere aritzen baitzen».
Donostian zerbitzari lanetan ari zela ezagutu zuen bere senarra 1936ko Gerran hanka bat galdu zuen gudaria, eta hiriburuan eman zituen bizitzako azken urteak.
Ezagutza eta primeran erabiltzen zuen euskara zituen pasio, eta horregatik eta jaioterrian hartutako eskarmentuari esker irakasle jardun zuen Santo Tomas lizeoan, bere sorreran. Geroago, 58 urte zituela, aspaldiko nahiei erantzunez, irakasle ikasketak egin zituen unibertsitatean eta Altzan aritu zen irakasle lanetan erretiroa hartu bitartean.
Emakumearen istorioak hunkituta, Etxenikek hil aurretik ere eskertu izan zion bere keinua eta Einstenen urteurrenaren harira egindako biltzar handian lehen lerroan eseri zuen, Nobel saria jasotako hainbat lagunekin eta agintariekin batera. «Ikustekoa zen egun horretan Joseberen aurpegia, kabitzen ez zela joan zen ekitaldira, pasioa zeukan jakintzarekin eta jakitunekin», gogoratu du Morrasek.
Dohaintza ez zuen egin esker onak jasotzeko, baizik eta aukerarik hoberena zelako uste osoz; baina, hala ere, atzo egin zioten omenaldiarekin «txoratzen» egongo zela nabarmendu zuen Morrasek: «Gaurkoan hemen gustura egongo zen».
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia International Physics Centerrek orain hamar urte «Fellows Gipuzkoa» izenarekin sinatutako hitzarmena berritu dute. «Lur hartze plataforma» gisa definitu zuten, kanpoan aritu diren ikerlariak Euskal Herrian jarraitzeko aukera ahalbideratzen duten bitartekoak ezartzen baititu. «Fundazioak zientzialari gazteak berreskuratzeko etengabeko prozesua garatzeko aukera izan du, zentzu honetan beraien lanak atzerrian jorratzen dituzten zientzialari gazteen etorrera bermatuz», azaldu zuen Etxenikek. Hamar izan dira urte hauetan hitzarmen horretaz baliatu diren ikerlariak, eta jada sei Euskal Herrian geratu dira. «Hemen dagoen eskaintzak erakarri egiten ditu».