«Beste ezein arlotan ez dira nafarrak eremuka sailkatzen»
Euskararen ofizialtasunaren alde ekimen berri bat abian jarri dute euskalgintzako 29 lagunek. Nafar guztion hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko Euskararen Legea gainditu eta ofizialtasuna beharrezkoa dela oroitarazi dute. Atxikimendu ugari lortu dute, Euskarabideko zuzendariaren ezezkoa ere jaso arren. Larunbat honetako manifestazioan jendarteak bere eginen du aldarrikapena.
Jasone MITXELTORENA |
«22 urte luze joan dira Nafarroako Parlamentuak Ley del Vascuence delakoa onartu eta Nafarroa hiru eskualdetan banatu zuenetik. 22 urte luze, beraz, euskal hiztunen eta nafar guztien hizkuntza eskubideak urratuta». Horrela azaltzen dute sinatzaileek egungo egoera larria, jendartea ohartarazi eta «euskararen etorkizuna bermatuko duen sakoneko aldaketen alde lan egiteko».
Euskararen Legearen kontrako jarrera indartu egin da aurten, Nafarroako Parlamentuan eztabaidatzera iritsi delarik...
Beti egon dira pikoak, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena gora eta behera ibili da. Legea onartu zenetik erabili den hizkuntza politikarekin beraiek geratzen dira agerian: euskarari zuzendutako aurrekontuak murriztea Euskarabideari lepoa moztuz... horrelakoak eguneroko ogi izan dira. Parlamentuan izan den eztabaida ez da guk nahi genuen terminoetan gertatu eta erroko akatsa izan da. Hainbat herri eremu euskaldunean sartzea edo ez... Legearen oinarria den hiru eremuren banaketa onartzen da, horrela nafarrok eskubide ezberdinak izatea ontzat emanez.
Legea sortu zeneko testuingurua oroitzea ongi legoke. Zer dela-eta sortu zuten?
Demokrazia iristearekin autonomiak sortu ziren, eta horretan osatu zen Hobekuntzaren estatusa. Horrek euskara aipatzen du eta, beraz, hortik lege bat atera behar zuten, «normatzeko» edo arautzeko, ez normalizatzeko. Horrela, 1986ko legea atera zuten, bereizketarik egin gabe, inongo ikerketarik egin gabe, beraien pertzepzioetan oinarriturik. Zonifikazioa erabaki politiko argia da, euskara bakartu eta zabaldu ez zedin sortu zena. Geroztik, makina bat borrokatu da egoera erregulatzeko.
Beste ezein arlotan ez dira herritarrak mailaka sailkatzen: zergak ordainarazterakoan, edo kultur ekitaldiak antolatzean ez da kontuan hartzen bakoitzaren jatorria... ez du ez hanka eta ez bururik. Euskara nafarron ondarea dela diote, tartean Carlos Perez-Nievasek berak. Baieztapen horren arabera, euskara mantendu beharrekoa da, baina Gobernuak mehatxu gisa ikusten du eta ez du zabaltzerik nahi.
Legearen ondorioak behin eta berriz salatu dira. Zeintzuk dira zuzenenak edo larrienak ?
Hizkuntza eskubideen urraketa erabatekoa dakar, nafar bakoitzari bizi den lekuaren arabera tratu ezberdina emanez. Bestetik, euskara hiltzeko arriskuan mantentzen du. Hizkuntza honekiko utzikeriaren gainetik, oldartu egiten da euskararen eta euskal hiztunen kontra. Izan ere, legeak ez du ñabardurarik, ez dago zehazturik, baina Gobernuak legearen irakurketarik makurrena egiten du.
Ofizialtasuna aldarrikatzeko ekimenak egin dira, 2002an egindako mobilizazio jendetsua kasu. Orain sakoneko aldaketak egin behar direla adierazi duzue. Kontseiluak ohar- tarazi duen moduan «Bai Euskarari» esatetik «Euskaraz Bai» aritzeko beharra iritsi da?
Kontseiluak dioen «Euskaraz Bai» ez da berdin ulertzen Euskal Herri osoan, ofizialtasunari dagokionez errealitate ezberdinak izanik. Ofizialtasuna hizkuntza eskubideen bermea lortzeko gutxienekoa da. Hori onartu eta lortzeko konpromisoa hartzera pasa behar da. Jendarte euskalduna lortzetik lekutan gaude, hain dira urriak baliabideak... Ofizialtasuna utopia dela entzun dugu; posible da eta ez da maxima bat, minima baizik.
Azken hamabost urteetako bilakaera aipatzen da manifestuan. Nolakoa izan da?
Izan zitekeenaren barruan, ona. Ikastolak, euskaltegiak, D ereduko eskola publikoak... euskalgintzak asko lortu du. Euskaltegi eta ikastoletatik euskaldun asko atera da. Hau guztia hormaren kontra joz egin da. UPNk dio egoera hau bera Gobernuan egonda lortu dela; egin duena itxitura estuan egon denean egin du. Hor dugu TIL-ekin sortzen ari den saltsa. Hizkuntza mailak zehazten ez dituen eta frogatu gabeko eredua da; ez da ingelesaren aldekoa, euskararen kontrakoa baizik.
«Horra hor UPNren Gobernua TIL-ekin sortzen ari den saltsa. Hizkuntza mailak zehaztu gabe dituen eta frogatu gabeko eredua da; ez da ingelesaren aldeko eredua, euskararen kontrakoa baizik».
«Instituzioei dei egiten diegu, beraien esku baitago egoera aldatzea, eta jendarteari kasu egin diezaiotela. Herritarrei berriz, euskararen alde borrokan segitzeko, erne egoteko».