GARA > Idatzia > > Ekonomia

Greba deialdia gaur Ipar Euskal Herriko hezkutza zentro guztietan

Idoia ERASO |

Sindikatu guztiek eta hainbat elkartek grebarako deialdia egin dute gaurko Gobernu frantsesak hezkuntzan ezarria duen «logika kapitalista liberalaren» kontra egiteko. Hezkuntza zentro guztietako langileak deitu dituzte, haur eskolakoak eta unibertsitatekoak barne. Goizeko hamar eta erditan Baionako geltokiaren aitzinetik manifestazio bat abiatuko da. Ipar Euskal Herrian langileen %70ek baino gehiagok greban parte hartuko dutela aurreikusi dute.

Aurten 11.200 lanpostu kendu ditu gobernuak estatu mailan, eta kopuru horri 2009an desagerrarazi nahi dituzten beste 13.500 gehitu behar zaizkiola salatu dute sindikatuek eta eragile sozialek. Horrek hezkuntzaren kalitatean eragin zuzena duela jakinarazi dute. «Eskola merkantzia gisa hartua da eta ikaslea garestia den objektu bat» dela salatu du LAB sindikatuak.

Maila guztietan

Ama-eskolara sartzeko adina handitu dute, horrela haurrak hiru urte izan arte ezingo dira eskolaratu. Lehen mailan haurren egutegian aste bakoitzeko bi eskola ordu kendu dituzte eta ikasgela bakoitzean dauden haurren kopurua etengabe handitzen ari da. Gela askotan bost eta hamar artean handitu da haur kopurua.

Bigarren hezkuntzan ikasleen kopurua handitzeaz gain, errentagarriak ez diren ikasketak kendu nahi dituzte. Heziketa profesionaleko ikasketak desagerraraziko lituzke horrek.

Irakasleen formakuntzarako unibertsitate-institutuak desagertuko dira ezarriko den erreformarekin. Eta unibertsitate-formakuntza enpresen aukeren menpe egonen da.

Euskarazko irakaskuntzak bigarren mailakoa izaten jarraitzen du, aurten beharrezkoak zirenak baino 14 lanpostu gutxiago izan dira.

Gobernu frantsesa, ikasturte hasieran greba egunetarako ezarri zituen gutxieneko zerbitzuak betetzen direla bermatzeaz eta egiaztatzeaz arduratuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo