Piarres Larzabal ekintzaile eta idazlea ezagutuz
Piarres Larzabal (1915-1988) idazle, elizgizon, euskaltzain eta politikaria zendu zenetik bi hamarkada betetzen diren 2008. urtean hainbat ekimen antolatu dira haren omenez. Datorren larunbatean bera, euskaltzale eta antzerkigilea, hobeki ezagutzeko parada izanen da Azkainen, bere sorterrian, urteurrenari bukaera biribila emateko.
Idoia ERASO
Zenbat buru, hainbat aburu» dio esaera zaharrak, eta Piarres Larzabal ezagutu zutenei galdetzean erantzunak ezberdinak dira beti, baina etengabe errepikatzen dena inolako zalantzarik gabe bere idazle sena da. «Asko eta asko idatzi zuen pertsona izan zen» esan zuen Daniel Landartek. «Adierazpide nagusia antzerkia zuen, eta gero, ekintzak ziren bere ideiak zabaltzeko modua» azaldu zuen idazleari buruz tesia egin berri duen Ixabel Etxeberria urruñarrak.
2008a Larzabalen urtea izan da. Hasteko, Azkainen, elizgizonaren sorterriko abade etxeko gela bati bere izena eman zioten urtarrilean. Idazle eta politikariaren izena daraman ikastetxeko ikasleek dantza sorkuntza bat eskaini zioten Pantxika Telleria dantzariaren eta Joselu Berasategiren laguntzaz.
Baina Larzabalek antzerkigile gisa egindako lana nabarmendu da gehienik. «Dudarik gabe biziki idazle handia izan da euskal antzerkigintzarentzat» nabarmendu zuen Daniel Landartek. Bide horretan Aldudeetan «Hila espos» lana antzeztu zuten. Ortzaizeko ikasleek «Larzabal zatiz zati» antzezlana eskaini dute herriz herri azken hileetan.
Herri omenaldiez gain, Ixabel Etxeberria irakasleak idazleari buruzko tesia gainditu berri du Bordeleko Unibertsitatean. Datuak eskuetan hitzaldia eskainiko du larunbatean Azkaingo Bil Tokin. Berarekin batera Maite Deliart, Graxi Solorzano, Pantxoa Etchegoin eta Daniel Landartek obra ezberdinetako zatiak irakurriko dituzte. Eugenio Arozenak ere antzerki zatiak eta lekukotasunak eskainiko ditu ordenagailuz lagunduta.
Ander Lipusen zuzendaritzapean 18 antzezle amateurrek idazlearen «Ibañeta» lan bikaina estreinatu dute irailean. Arrakasta handia bildu duen lan honi buruz honakoa esan du Lipusek: «Noiznahi antzematen ahal zaio irakurketa gaurkotua». Etxebarriak ere azkaindarrari buruzko lanez hauxe nabarmendu zuen: «Mendeak ez dakigu, baina hamarkadak jadanik zeharkatu ditu, urtero antzezten baitira bere lanak».
Aztarnak, emaitzak, ondoren...
«Egungo antzerkigintza garai hartakoaren segida da, kalitatea bilatzen du, gogoeta piztea eta publikoarekin komunikazioa. Plazera eskaintzen du Larzabalek egiten zuen bezala» adierazi zuen Ixabel Etxeberriak. Idazle azkaindarraren antzezlan engaiatuak eta politikoak dira ezagunak, baina, aldi berean, ikusleei irribarrea eragin nahi ziela ez da hainbestetan esaten. Larzabalek ikusleak kontuan hartzen zituen, eta euskara gogotik biziarazteko xede nabaria erakusten zuen. Horrela azaldu zuen Etxeberriak «Plazera eskaintzen zuen hizkuntzaren bidez, eta maila handiko kalitatearekin».
Argi adierazten zuen apaiz eta idazleak berak: «Euskarak gehiago behar du». Premisa hori buruan idatzi zituen bere lan guztiak, nahiz eta Etxeberriak adierazten zuen eran, «bazterreko kultura» izan, hau da, hizkuntza gutxitua, eta literatura errekonozimendu handirik ez duen alorra izan.
Ikuslegoarekiko eta aktoreekiko errespetua nabarmendu zituen «Ibañetan» parte hartzen duen Kristiane Etxaluze aktoresak: «Obra lehen aldiz antzeztu genuen garaian etsaia Carrefour bilakatu genuen. Larzabalek antzezpena ikusi eta gero irribarre egin zuen, beti egiten zuen legez, zer pentsatu ote zuen, bere buruan gelditu zen». Larzabalen izaera atsegina ere aho batez islatzen da, Etxeberriak adierazi legez: «Oso pertsona irekia zen, eta beti jende xumearen eta euskaldunaren alde egiten zuen. Euskal nortasunaren defentsan aritu zen».
«Larzabal apaiza zen, hori zuen oinarria, baina ekintzailea zen, oso esperientzia gogorrak bizi izan zituena», esan zuen irakasleak. Bere ideiekin engaiatua izan zen: «Ekintzetan oinarritu zen. Enbata talde politikoa eta Anai-artea elkartea sortu zuen errefuxiatuen alde. Baina ez zuen diskurtso politikorik bilatzen. Errefuxiatuekin ere, aterpetzen zituen, baina ez zuen diskurtsorik egiten».
«Gure literatura behar dugu guk ezagutu, ez bakarrik XVII. mendekoa, XX. mendekoa eta biharkoa ere bai», Ixabel Etxeberriak erran hitzek islatzen dute Piarres Larzabal antzerkigilearen omenaldiaren asmoa.