«Txapela irabaztekotan, nik neuk ere lan ona egin beharra izango dut»
Aizkolaria
Herri kirolen artean urteko zitarik garrantzitsuena izango da datorren igandean Amurrion. Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien finala jokatuko da, eta hori irabazteko faborito nagusia Floren Nazabal da. Etxarrikoak badaki okerrik gertatu ezean, garaipena lortzeko aukera asko dituela.
Jon LEUNDA |
Floren Nazabal da egungo Euskal Herriko txapelduna, eta bera izango da igandean Amurrion jokatuko den final handia lortzeko faborito nagusia.
Finala uste baino beranduago dator. Luze egin al zaizu?
Bueno, normalean ez da horren berandu izaten, eta beti dago noiz jokatuko den kezka hori, baina lasaiago hartu dut, eta azkenean, ez dago arazorik.
Zer moduz heltzen zara finalera?
Ongi, gustura nago. Datozen egunotan zerbait gertatu ezean, sasoi onean helduko naiz finalera, ez daukat aitzakiarik.
Denek garbi dute faborito bakarra dagoela, eta hori zeu zarela. Zuk zer diozu?
Txapelduna izanda, normala da faborito ateratzea, baina lana egin beharko da. Nik ezer txarrik ez badut, eta nire lana egiten badut, ongi ibiltzea espero dut. Nire helburua irabaztea da eta horretara joango naiz, baina besteak ere ez dira geldirik egongo, eta irabazi behar duenak lana egin beharko du.
Nola ikusten dituzu aurkariak?
Egia esan aspaldian ez ditut ikusi. Nafarroako Txapelketan Lopez ikusi nuen, eta bera oso ongi dabil. Hala ere, orduan bi oinbiko gutxiago ziren, eta hori gero nabaritu egiten da. Urrezko Aizkorako lehiaketetan ere ongi ibili da bera, baina lan hura ere honekin ezin da konparatu. Uste dut, denak ariko direla ongi prestatzen, eta denekin ibili beharko dela kontuz.
Azkenaldian jokatzen duzun gehiena irabazten duzu. Egoera horretara ere ohituta egongo zara, ezta?
Bai, baina ez pentsa ona denik. Egia da azkenaldi honetan lehiaketa asko irabazi ditudala eta hori oso polita da, hori ez dago ukatzerik, baina gero garaipena lortzen ez duzunean, mina ere handiagoa hartzen da.
Betiko izen handiak desagertzen ari dira, eta jendeak dio lehiaketa honek asko galdu duela. Zuk zer uste duzu?
Egia da betiko aizkolari handi horiek txapelketak uzten ari direla, baina hori etorriko zela bagenekien lehendik. Ez daudenak ez daude, eta orain daudenekin egin behar da aurrera, eta uste dut lehiaketa polita dagoela. Igandeko finalean izango garenok ere maila ona emango dugula uste dut.
Oinbikoetan erabaki ohi da finala gehienetan. Igandean ere hala izango ote da?
Baietz uste dut. Hor segidan enbor handi ugari egoten dira, eta handik alde apur batekin ateraz gero, irabazteko aukera handia izaten da. Aurreko urteetan hala izan da, eta oraingoan ere gakoa hor egongo dela uste dut.
Finaleko lana zure gustukoa al da?
Urte asko daramazkit halako finalak jokatzen, eta azkenerako ohitu egiten zara. Lana ederra da, uste dut pertsona baten ahalmena aizkoran probatzeko nahikoa dela lan hau. Ni neu gustura aritzen naiz lantegi klase horretan.
Hasieratik jarriko al duzu erritmo bizia?
Denok jartzen dugu erritmo bizia. Hasieran aurrea hartzea nahi izaten dugu beti.