Aizkora
Final handia ikusi nahi dutenek sarrera dohainik izango dute
J.L.. | DONOSTIA
Euskal Herriko finala datorren igandean jokatuko da Amurrion, eta atzo bertan egin zuten aurkezpen ofiziala. Berrikuntzarik ia batere ez da izango, baina gauza batzuk zehaztu zituzten.
Finala, hasiera batean plazan egitekoa baldin bazen ere, azkenean pilotalekuan jokatuko da, asteburu osorako eguraldi txarrak iragarri dutelako, eta azkenean pilotalekura pasako dute, eta horrela eguraldiaren arriskurik ez dute izango.
Bestetik, bertara doazenek sarrera ordaindu beharrik ez dute izango, eta hori berri ona da, inguru haietan aizkolaritzak ez baitu Gipuzkoan edo Nafarroan duen indarrik, eta hala nahi duen orok ikusteko aukera izango du.
Betiko lana
Aizkolariek azkeneko urte hauetan egin izan duten lan bera egin beharko dute igandeko finalean ere. Bertan, lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu beharko dituzte.
Finalistak, berriz, pasa den abuztuan Araian txartela lortu zuten seiak izango dira. Nazabal, Txapartegi, Lopez, Azurmendi, Olasagasti eta Vicente.
Hauetatik bik badakite zer den txapela lortzea. Floren Nazabalek -gainera bera da egungo txapelduna-, baita Joxemari Olasagastik ere. Beste lauretako inork ez du inoiz irabazi lehiaketa hau.
Berrien artean, berriz, Daniel Vicente izango da. Otsagabikoak lehen aldiz jokatuko du final handi hau, eta bera izan zen atzoko prentsa agerraldira joan zen finalista bakarra. Berak esan zuenez, Nazabal da faborito garbia, eta zaila izango omen da berari inork txapela kentzea. Bera, berriz, gustura agertu zen bere prestakuntzarekin, eta azkeneko postutik aldentzen saiatuko zela iragarri zuen.
Enborrak jartzearen ardura, berriz, Joxemiel Peñagarikanorena izango da. Txapelketa ofizialetan bera ari da lantegi horretan, eta igandean ere berak jarriko ditu.