GARA > Idatzia > > Kultura

Keu Agirretxeak «Une akustikoa» disko labur eta indartsua aurkeztu berri du

p042_f02_088x084.jpg

Ianire RENOBALES | BILBO

Ondarrutarrak sentimenduak eta emozioak plazaratzeko bide berria aurkeztu zuen atzo Bilboko Kafe Antzokian, «Une akustikoa». TKI, Psychopony eta Etsaiak taldeetan gitarra trash, metala eta hardcorean aritu ondoren, estilo akustikora pasa da, rock klasikoa eta lan instrumentala alboan utzita. Hala, gitarra hartu du barrutiak kanporatzeko.

Kantautore formatua hartzen duen lan honek zazpi abesti aurkezten ditu eta horietatik bost berriak dira. Besteak beste, «Negar zikuen burdinezko hesietan» edo «Gosez jantzitako begiradak» topatu daitezke. «Udazkeneko eguzkiarekin epeltasunez kutsatuta daude kanta hauek eta goxotasuna zein leuntasuna transmititzen dute». Abestiak sinpleak dira, gitarra akustikoa eta ahotsa. Baina, tarteka, Mikel Arakistain UEK-ko taldekidearen baxuak eta Yurena Nuñoren biolontxeloak nahasten dira. «Urte asko daramat gitarra akustikoarekin konposatzen, baina oraingoan, desberdina izan da, apaindurak alde batera utzi ditut», gaineratu du. Agirretxeak dioenez, «diskoa erraz entzuten da». Ahotsak melodia dakar eta oreka ematen die kantei. Estilo aldetik, formato desberdina dute lanek. Orain dela hiru urte hasi zen Keu Agirretxea ahotsa lantzen eta egun, tonu «intimoa, gertukoa, lasaia eta helduagoa» darabil. Datozen asteetan diskoa aurkeztuko du, azaroaren 28an Zizurkilen, abenduaren 5ean Donostian, 6an Arantzan, 8an Bergaran, 12an Ondarroan eta 14an Arrasaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo