GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Iruzurra, kudeaketa negargarri bati esker

Arabako Foru Aldundiak Iruña-Veleiako aurkikuntzak ikertzeko sortutako batzorde zientifikoaren ondorioek erabatekoak dirudite. Atzo azaldutakoaren arabera, nabarmena dirudi multzo epigrafikoen faltsutasuna. Askori ondorio horiek zapuzteko modukoak iruditzen bide zaizkio, ez arrazoirik gabe, sortutako ikusminaren ondoren, espero izandakoaren eta dagoenaren arteko aldea ilusioaren eta desilusioaren arteko aldea baita.

Aurkikuntzak ez omen ziren edonolakoak, euskararen lehen agerpen idatziari eta Kristautasunaren sarrerari zegozkien eta. Multzo epigrafikoak 2005eko udan aurkitu zituzten eta 2006ko udan eman zuten horien berri; halaber, hainbat laborategitan egindako probek aurkikuntzen benetakotasuna egiaztatu omen zuten. Hurrengo hilabeteetan, baina, zenbait adituren susmoak azaleratzen hasi ziren. Alderdi zientifikoaz gain, informazioaren kudeaketa ere kexen kausa izan zen. Iruña-Veleiako indusketa taldeak 2006ko amaieran aurretiko txosten bat aurkeztuko zuela agindu zuen, baina ez hori, ez besterik ez zuten argitaratu. Areago, herritarrei ez ezik, adituei ere ezkutatu zieten informazioa, aurkitutako materialen zati bat baino ezin izan baitzuten eskuratu. Beraz, gertakari horren ezaugarri nagusietako bat informaziorik eza izan da, iruzurra erraztu duena.

Iruña-Veleiako ustezko aurkikuntzen kudeaketa negargarria izan da; hala ere, kudeaketa horren arduradun nagusia Arabako Aldundiko aurreko Kultura Saila da, gardentasunik ezari ez ikusia egin baitzion. Harik eta Aldundiko gobernu talde berria sartu eta atzo aurkikuntzen faltsutasuna agerian jarri zuen adituen batzordea eratu arte, beraz, zabarkeriaz jokatu zuten. Orain Aldundiak zuzenean hartuko du aztarnategiaren kudeaketa, eta hartarako aurrekontua biderkatu egin beharko du. Baina Gasteizko Kultura Saileko arduradunak ere denbora horretan guztian beste alde batera begira egon dira, garrantzi ikaragarriko aurkikuntza omen zenaren inguruan izandako irregulartasunak sumatu ere egin gabe. Iruzurra izan da, baina penagarriagoa da instituzioek iruzur hori egiten utzi izana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo