Sastreren «Los últimos días de Emmanuel Kant» euskaratu du Fito Rodriguezek
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Egunotan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egiten ari diren TopASKEtak 2008 topaketen ekintzen artean, bere azken lana aurkeztu zuen atzo Fito Rodriguezek: «Emmanuel Kanten azken egunak». Alfonso Sastrek 1985. urtean idatzitako antzerki obra hau, Madrilgo Centro Dramático Nacional CDN delakoan estreinatu zen eta orain Rodriguezek, euskarazko bertsioa eskaintzen digu. Itzultzailearen esanetan, «euskarazko egokitzapena da. Taularatzeko prestatu zenez ezin esan, bada, itzulpen zurruna denik (...) eszena bat, adibidez, jatorrizko testuarekin alderaturik zeharo ezberdina da eta, noski, Kantek ez zuen inoiz euskal bertsorik abestu».
Egokitzapen honek aurrekariak ere izan ditu. Iruñeko Larraonan antzeztua izan zen eta duela lau urte, Koldo Mitxelenan bertan ere bai.
Fermin Balentzia
Bestalde, Rodriguezek sarrera bat gaineratu dio liburuari. Bertan Kantek eginiko proposamena aztertzen du, giza eskubideetan oinarritutako errepublika politika.
Gaur bukatuko dira aurtengo TopASKEtak. Arratsaldeko zazpietatik aurrera, «Zer errepublika?» galderari erantzuna ematen saiatuko dira, hiru gonbidatuen arteko solasaldian: Santi Duñaiturria, ekonomian aditu, Kanpo Merkataritzako aholkulari eta idazlea; Ana Santos, Medikuntzan doktore eta Portugaleko mugimendu sozial eta politikoetan ibilitako ekintzailea; eta Angeles Maestro, medikuntzan doktore, Ezker Batuko diputatu ohi eta Corriente Rojako gidaria.
Jardunaldiak bukatzeko, Fermin Balentzia kantautore nafarrak «kutsu errepublikazalea duten abestiz osatutako errezitaldia» eskainiko du.