GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

30 años de Constitución española

Autodeterminazioa aipatzeari EAJk ezetz esan zionekoa

30 urte igarota ere, oraindik zeresana ematen du Konstituzioari buruzko eztabaidan EAJk Kongresuan izan zuen jokabideak. Horren inguruko datu adierazgarriena, honakoa: autodeterminazioa aipatzeko proposamenari hasieran baietz esan zioten, baina azkenean ezetz.

R.S. | IRUÑEA

Konstituzioaren aurkako hitzak nagusi izan dira azken urteotan EAJko agintarien artean, baina hau geroko kontua izan dela nabarmendu du Jose Pedro Perez-Llorcak, araudi horren zazpi egileetako batek: 25. urteurrenean egindako liburu batean baieztatzen du hori.

Xabier Arzalluz zen orduko EAJko negoziatzailea Kongresuan eta berak esan duenez, argi izan zuen hasiera-hasieratik abstentzioaren alde egin behar zutela. Hala adierazten du «Así fue» liburuan, bere jarduera politikoa biltzen duena: «Txanponaren bi aldeak hartu behar ziren kontuan: Konstituzio hura ez zen eta ez da gurea, noski. Bai bazituen -eta baditu gaur egun ere- baztertu ezin genituen alde onak». «Horren gau luze eta ilunetik gentozen orduan!», argudiatu du.

Abstentzio horren truke Konstituzioa sortzeko orduan baztertua izan zen EAJri «labela» eman zion Estatuak. Sistema barruan sartu zen. Eta Gernikako Estatutua ere eskuratu zuen horren truke. Arzalluzek idatzi du: «Konstituzioa onetsi gabe Estatutua lortzeko modua bilatzen hasi ginen orduan». Bere esanetan, «botereguneak» behar ziren «gure herria suntsiturik zegoelako».

Jose Mari Lorenzo Espinosa historiagilearen aburuz, (``La renuncia nacional del PNV''), bere negoziazio estrategiarekin «abertzaletasuna lokaztea» baino ez zuen lortu EAJk. Hori bai, inolako etekinik eman ez zuen tirabira dialektiko horren bitartez EAJ hautesleria zati handi baten mesedea eskuratu zuela onartzen du. Bere diputatuek Francisco Letamendia Ortzik mahaigaineratutako autodeterminazio eskubidearen aurkako boza eman zutela ekarri du gogora.

Ortzik berak kontatu zuen ``El no vasco a la reforma'' liburuan (1979). Autodeterminazioa aldarrikatzeko, nazioarteko araudiak ekarri zituen gogo- ra Kongresuko oholtzatik, bai eta hainbat alderdiren ustezko aldeko iritzia ere. PSOEk, esaterako, onartua zuen hori 1976. urteko biltzarrean. Gauzak horrela, hasieran EAJk baiezko boza emango zuela zirudien, Marcos Vizcayak halaxe egin zuelako lehen bozketan, baina pasiloetan izandako elkarrizketen ondotik norabide berria hartu zuen alderdiak.

Vizcayak honela azaldu zuen ziaboga hori Kongresuan: «EAJk baietza eman dio autodeterminazioari eskubide teoriko gisa, baina ez autodeterminazioa konstituziona- lizatzeari». Hasierako baiezko horrek EAJ «alderdi testimonial» gisa kokatzen zuela azaldua zuten Estatuko hedabideek. Auzia Osoko Bilkurara iritsi zenean, hasierako baiezkoa ezezko bilakatu zen. Estatuak markatutako «bide onera» etorriak ziren jeltzaleak.

PONENTZIATIK AT

Konstituzioa idatzi zuen taldean ez zen ordezkari jeltzalerik, baina negoziaketetan parte hartzera deitu zituzten gero, autonomia sistemari zegokion 8. atala biribiltzeko.

BOROBIL KARRATUA

Emendakinak eginez alderdiak agindutakoa bete zuela idatzi du Arzalluzek. «Borobila karratu bihurtzea lortu nuen: adostutako formula onartu eta gurea bukaera arte defendatzen segitzea».

BAI BAINA EZ

Vizcaya diputatuak laburbildu zuenez, «EAJk baietza eman dio autodeterminazioari eskubide teoriko gisa; autodeterminazioa konstituzionalizatzeari, ordea, ez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo