GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Fresneseko burdin sareak berritu nahi dituztela-eta salaketa kanpaina hasi dute

GARA |

Amnistiaren aldeko mugimenduak Fresnes kartzelako burdin sareak berritzearen kontrako salaketa kanpaina abiatu du. Izan ere, udazken honetan gizonezkoen esparruko ziegetako burdinsareak berritzen hasi dira, eta dagoeneko batzuk berritu dituzte.

Hori salatzeko, azaroaren 30ean 15 minutuko plantoa egin zuten patioan bertan dauden euskal preso politikoek, eta azken astean propaganda ekimenak burutu dituzte. Azaroko azken ostiraleko ekimenean, hain zuzen, honako leloa erabili dute: «Ez gara animaliak. Burdin sarerik ez!».

Amnistiaren aldeko mugimenduak gogora ekarri duenez, Fresnes ezaguna da duen egitura «ankerragatik» eta barne funtzionamendu zein giro militarizatuarengatik, eta nabarmendu du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak beti errefusatu duela espetxe hau, «borroka luze eta negoziazio trinkoen ondorioz, kartzelaren berezko ezaugarri hauek malgutzen zituen baldintza bereziak lortu arte».

Egitura zorrotz honen adibide garbiena, gizonezkoen aldeko patioak eta ziegak dira, bietan burdin sareak baitaude eta, gainera, kartzelako zuzendaritza horiek berritzen ari da «burdin sareak zentimetro batzuk altxatzean, leihotik jana bota eta arratoiak ugaritu diren aitzakiaz». Burdin sarearen ondorioak ugariak dira, amnistiaren aldeko mugimenduaren oharrak aipatzen duenez. Horrela, ikusmenari dagokionez, zuzenean bakarrik begiratu dezake presoak, ez alboetara, eta argitasuna gutxitu egiten da. Gainera, haizea ez da berdin sartzen, eta presoa are eta gehiago bakartzen du bere ziegan, beste presoekiko harremana guztiz oztopatuz.

Fresneseko gizonek ez dute ur berorik, baina burdin barrak eta burdinsarea duten ziegetan 20 ordu inguru pasatzen dituzte.

Patio txiki eta masifikatuak

Honekin batera, amnistiaren aldeko mugimenduak aipatzen du gizonezkoen patioetako «egoera eta neurriak izugarriak» direla, batzuk 15x4,5 metrokoak eta besteak 8x4,5 metrokoak direlako, eta preso kopurua aldakorra den arren, «masifikazioa» dago.

Gainera, «patioak zaharrak, zulodunak eta zikinak dira, eta euria egiten duenean lokaztuak eta putzuz beteta egoten dira» eta, hau gutxi balitz, ez dago komunik, ez eta eserlekurik ere.

Zerrendarekin jarraituz, salatzen dute gizonen lekuan ez dagoela ez ludotekarik ez euria denean elkarrekin egoteko lekurik, eta liburutegira astean behin ordu erdiz joan daitezkeela.

Bestetik, Fresnesen bisitarako kabinek 2x1 metroko neurria dute, bereizteko kristalik gabe, baina presoa eta senideak bereizteko horma tartean dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo