GARA > Idatzia > Kirolak > Alaves

Nastic Mendizorrotzan

Erabateko lasaitasuna ekar dezakeen garaipenaren bila

Denboraldian lehen aldiz, Alavesek hirugarren garaipena jarraian eskuratzeko aukera du. Helburua lortuz gero, sailkapenaren goiko aldera itzul daiteke.

p039_f02_148x084.jpg

 

GARA | GASTEIZ

Aurreko asteotako itsaskia atzean utzi eta berriro ere uhin ona hartu duela erakutsi nahi du Alavesek, denboraldian lehen aldiz hirugarren garaipena jarraian eskuratuz. Bere helburua lortuz gero, talde gasteiztarra Liga hasieran zapaldu zuen sailkapenaren goiko aldera itzul daiteke. Distantziak, berriz, oraindik nahiko txikiak direnez, inork nahi ez duen behaztopak beherapenetik gertuegi utz ditzake zuri-urdinak.

Alabaina, ez da ez bata ez bestea espero, aurkariaren ibilbideari begiratuz gero behinik behin, Nastic «berdinketaren erregea» baita. Zortzi neurketa berdindu ditu Kataluniako taldeak, hain zuzen ere, orain arte jokatutako 14 jardunaldietan.

Ez zaie zuri-urdinei asko axola, hala ere, aurkariaren «ohitura» hori. Gaurkoa aurtengo denboraldiaren kolorea marka dezakeen partida dela uste dute eta, beraz, oso indar guztiak emaitza on bat lortzeko bilduko dituzte. «Noizbehinka, hurrengo jardunaldietan eragin handia izan dezaketen partidak heltzen direla azaldu diet jokalariei -aitortu zuen Jose Maria Salmeronek- eta hau horietako bat da».

Castalian hain maila ona eskaini zuen taldea mantenduko du entrenatzaileak. Aldaketa bakarra Astudilloren zigorrak behartutakoa izango da: Emilio Sanchez atzeratuko du, Garitanoren alboan kokatuz, eta Morenori emango dio hamaikakoan aritzeko aukera, erdilarien hiruko lerroan jarriz.

Garro, poz-pozik

Eguneko albiste pozgarriena, hala ere, aulkian egongo da, zortzi hilabeteko baja gainditu ostean -apirilean Ipuruan belauna hautsi zuen-, bertara itzuliko baita Natxo Garro.

«Oso pozik nago -onartu zuen-, eta oso harro, urrats txiki baina garrantzitsuak ematen jarraitzen baitut». Garrok Salmeroni eskerrak eman nahi izan zizkion «eskaini didan laguntza, deialdi honetan sartzea, oso garrantzitsua baita niretzat».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo