GARA > Idatzia > > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Ilustratzaileek kolore ukitua eman diote Durangoko Azokari

Irudia da aurtengo Azokan hitzartu den gaia eta Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak marrazkia hurbildu dio publikoari. Goizez, irudigintzari buruzko mahai-inguruan merkatuaz eta irudigileen ogibideaz aritu ziren. Arratsaldez, marrazkiak egiten aritu ziren jendaurrean.

p049_f02_148x100.jpg

Ianire RENOBALES | DURANGO

Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak hainbat jarduera egin zituen atzo Durangon. Aurten, irudia izan da Azokak aukeratutako gaia eta, horren harira, teknika honen nondik norakoak eman zituzten aditzera.

Egunari hasiera emateko, goizeko hamaika eta erdietan, Arnal Ballesterrek hitzaldia eman zuen. Ilustratzaile kataluniar honek hogei urte baino gehiago daramatza marrazkiak sortzen. Liburuentzako ilustrazioak egiteaz gain, beste arlo askotan egin du lan. Irudigileen esparruan erreferentziazko gizona da Ballester eta, azaldu zuenez, «ilustrazioak testuari irakurketa berri bat gaineratu behar dio». Ogibideari buruz luze jardun zuen eta profesional hauen egoerari buruz ere mintzatu zen.

Irudimen eskubideei buruz

Hamaika eta erdietan irudigileen jardunari buruzko mahai-ingurua hasi zen. Parte-hartzaileak Aitziber Alonso, Iñaki Martiarena Mattin, Arnal Ballester eta Dani Maiz izan ziren. Bakoitzak egiten duen lana azaldu zuen lehendabizi eta, horrekin batera, argitaletxeekin eta bezeroekin duten harremanari ere heldu zioten. Horrela, beraien esperientziak azalduta, euskal merkatuaren analisi txiki bat egin zuten.

Bestalde, irudigileen elkarteak eduki beharko lukeen pisuaz hitz egin zuten, balorazio positiboak oinarri hartuta. Mahai-ingurura ikasle eta profesional ugari hurbildu ziren eta, aurrez aurre, egunerokotasunaren berri izateko aukera paregabea izan zen atzokoa.

Arratsaldean, 17.00etan, performance bat egin zuten mahaikideek panel zuri batzuk margotuz. Bat-batekotasuna gidari, sortze lanari ekin zioten aurrean zuten jendearen begiradapean. Mattin da horrelako saioetan eskarmentu handiena duena eta berak egin zituen irudi gehienak. Zuriz geratu dira espazio zuri asko bertatik pasatzen den jendeak ere zerbait margotu dezan. Horrela, askok «ahaztutzat» jotzen duten irudia protagonista bihurtu zuten.

ERREALITATEARI SO

Irudiak testuari lagundu behar dio; horrela, bigarren irakurketa errazten baitu. Irudigileek egiten duten lanaren gainean mintzatu ziren, eta horrekin batera, begirada sakona bota zioten errealitateari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo