GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Txuri beltza da ta...

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktore eta idazlea

Talo eta txistorra usaina gero eta gertuago dugun egun hotz eta euritsu hauetan, baserritar jantziak armairutik atera eta ondo pasatzeko aukera izango dugu datorren larunbatean Bilbon eta igandean, Donostian. Santo Tomas eguna. Familiarekin edota aspaldiko lagun zaharrekin kalera atera, eta sagardo, txistorra eta talo artean egun polita pasa ahal izateko aukera paregabea. Baita Donostiako Konstituzio plazan izango den hirurehun kilotako «Txuri» txerria ikusteko ere.

«Txuri beltza da ta, ez du koska egiten, begi bat ixten du jolastu nahi badu».

Baina Gabon egun hauek, ez dira jolas egunak izango askorentzat, egun tristeak baizik. Norbaiten falta sekula baino gehiago sumatuko dutelako. Bihotzeko zauriak agerian geratzen diren egunak direlako. Itsasbehera izaten denean, hondartzako itsasbazter biluzian geratzen diren gurpil zati eta aingura galduak agerian geratzen diren bezalaxe. Eta falta horri buruz mintzatu zitzaigun aurreko asteburuan Laila Ripoll, berak idatzi eta zuzenduriko «Los niños perdidos» antzezlanean. Gerra garaian, eta gero ere bai, milaka familiek, umeek batez ere, bizi izandako kalbarioaz. Guda gordinean, benetako galtzaileak izan zirenen ahotsik gabekoen ahotsa.

Baina umorerako tartea ere izango dugu egunotan. Dario Fo-ren testuak entzun eta ikusteko beta izango baitugu asteburu honetan Antzoki Zaharrean. Literaturako Nobel saria irabazitako dramaturgo, idazle, zuzendari eta aktore italiar honen hiru bakarrizketa ikusteko aukera. «Juglarea, puta eta eroa» antzezlana. Beste askoren artean «Misterio Buffo», «Pum! Pum! Chi e? La polizia!» eta «Muerte accidental de un anarquista» obrak idatzi dituen autore handi honen hitzak euskaraz entzuteko aukera izango dugu Le Petit Théatre de Pain taldearen eskutik. Kultura eta hizkuntza desberdinetako artistez osaturiko talde honen helburu nagusia, antzerkia antzerkirik existitzen ez den lekuetara eramatea izanik, Dario Foren hiru lan hautatu dituzte: "Juglarearen jaiotza», «Puta bat eroetxean» eta «Ertzoa eta herioa». Umore satirikoa, antzerki herrikoia, bat-bateko harremana eta bufoiaren bidegurutzea zeharkatuz. Eta ez hori bakarrik, zirkulu heren batean eseriko den publikoak, kolore eta indarrez beteriko ikuskizuna ikusteaz gain, euskalki desberdinez gozatzeko aukera ere izango du.

Eta ospakizun egun alai edota triste hauetan, egin dezagun kantu, alboan ez daudenengatik eta daudenengatik ere bai. Kantua bihotzaren jana omen da, eta krisia dela eta gerrikoa estutu behar dugun egunotan, hobe bihotzari kasu egin eta kantuekin elikatzen bagara. Hilaren 30ean Victoria Eugenian izango dugun «Inalanbrikak» antzezlanarekin adibidez. Eta bien bitartean, txistorra jan eta sagardoa edan dezagun. Itsasoak berarekin eramango baititu hondartza biluziko aingura eta gurpil galduak datorren itsasgora denean. Eta batek daki, hurrengo itsasbeherak zer ekarriko ote digun itsasbazter biluzira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo