GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Darcosen hezkuntza erreforma dela-eta, protesta egiten jarraitzen dute ikasleek

p015_f01.jpg

A.B. |

Mila bat lagun elkartu ziren, berriz ere, atzo Baionako karriketan Xavier Darcos Hezkuntza ministroaren erreformari ezetz esateko. Azken asteotan egiten aritu diren bezala, ikasleak, berrogeita hamar bat irakaslek lagundurik, karriketara atera dira beren aldarrikapenak entzunarazteko. Manifestazioa, goizeko hamar eta erdietan abiatu zen geltokitik, eta, herriko kaleak zeharkatu ondoren, udaletxean bukatu zuten.

Erreformaren aurkako aldarrikapenak agertzeaz gain, Xavier Darcosen eta Nicolas Sarkozy lehendakari frantsesaren aurkako afixak ere eraman zituzten. «Sarko, itxaron, heldu gara», zioen horietariko batek. Bestalde, asteazkenean, ikastetxe guztietako ordezkariek bilkura egin zuten. Atzo, jakinarazi zutenaren arabera, gaur Eguberriko oporrak hasi arren, borrokan aurrera egiteko asmoa daukate. Horrela, bihar arratsalderako, irakasle, guraso eta ikasleak bilduko dituen manifestazioa antolatu dute, eta urtarrilaren 2rako bigarren hitzordu bat finkatu dute. Bestalde, ikastetxe askotan aste bat daramate egoitzak blokeatzen, eta, gaurtik aurrera ekintza horiek etetea erabaki zutela ere jakinarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo