GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Lurzorurik gabeko Euskal Herria?

Eta «Petronorren Selekzioa»...? Ezta hori ere. «Euskadi» eta kito. Ez dut ukatuko izen horrek euskaldunen onespena izan duela. Nik Euskadiko zoru gainean ikasi nuen oinez duela ia mende erdi, zazpi herrialdeetako edozein herritarrek bezala. Baina gaur egun, espainiar botereei eta, batez ere, EAJri esker, euskaldun askori Euskadiko lurzorua desagertu egin zaie oin azpitik, nirekin orrialde hau partekatzen duen lagunak ondo asko dakien moduan.

Seguru asko «Euskal Herria» erabili izan dute antzinatik euskaldunek beren herria izendatzeko. Joan Perez de Lazarragak XVI. mendean idatzitako eskuizkribuko «eusquel erria» eta Joanes Leizarragaren «heuscal herria» -nork bere euskalkian- horren erakusgarri. Uste izatekoa da, beraz, euskaldunen artean ez zela izen arrotza, ezta hurrik eman ere, autore horiek ez baitzuten haren gaineko argibiderik eman. Bestetik, ez dirudi batak bestearen obra ezagutzen zuenik, arabarrak Leizarragarrena argitaratu aurretik idatzi baitzuen berea, eta lapurtarrak nekez irakurriko baitzuen Lazarragaren argitaratu gabeko eskuizkribua.

Baina Euskal Herria, Iñigo Urkulluk dioen moduan, «kontzeptu soziokulturala» baino ez bada, gure lagun lapurtar, nafar, eta zuberotarrek euskal lurzorurik gabe jarraitzen dute.

XVII. mendearen hasieran Etienne Materre frantziskotarrak «Doctrina Christiana» argitaratu zuen. Paristarra izaki, eskertzekoa da euskarari eta Euskal Herriari zien errespetua. Hara zer dioen (Materrek, ez Gaizka Garitanok) euskaldunei idatzitako hitzaurrean: «Miretsico duçue aguian nic (Euscal Herico ez naiçelarik) Euscaraz esquiribatceco ausatciaren aguertcea (...) esquer gabe içanen nincela baldin Euscalherrian ickassia euscalherrico probetchuan emplegatu ezpanu». Izan ere, Materre ez zen «kontzeptu soziokultural» batera etorri, Euskal Herrira baizik, Sarara, hain zuzen, eta bertan euskara ikasi zuen. Kontzeptu soziokultural horren parte Parisen ere izan zitekeen.

Bukatzeko, eta Gabonen testuinguan gaudela -eta ez bestetan, ezta, ikusitakoak ikusita, futbolarenean ere-, aurrera bolie! (betiko «ondo segi» esatea arriskugarriagoa da nonbait).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo