Gabonetako oparien egokitasuna
Jolasa, denbora-pasa baino, heziketarako bide
Panpina, sukaldetxoa, gerlaria, mekanika-tailerra, bideo-jokoak... Aukerak ugariak, eta bata edo bestea erosteko mezuak nahi adina. GARAk merkataritza-guneek kaleratzen dituzten liburuxka mardulak bildu eta aztertu ditu. Erakargarria den hori ez da beti komenigarriena.
Maider EIZMENDI
Haurrak irrikaz, eta gurasoak txikitxoak zalapartaka noiz jaikiko zain. Olentzeroren etorrerak etxeko guztiak aztoratzen ditu, poztu; baina, hala ere, horrek ez du urte osoan heziketa egokia eta balioak jaso ditzaten egindako lana alferrik galtzen uztea justifikatzen.
Olentzero hasia da zakua betetzen, haurren eskaerei erantzuteko asmoz. Gutuna idazten laguntzeko, nahikoa mezu eta ideia jaso dituzte txikienek azken asteetan. Telebistako iragarkietan tarte zabala hartu dute aurten ere jostailu, joko eta bestelakoen mezuak eta saltoki-gune handiek ere liburuxka mardul eta koloretsuak kaleratu dituzte haurrak tentatze aldera.
Horietako batzuk bildu eta aztertu ditu GARAk, gaia jorratu eta aztertu duten bi aditurekin batera. Jostailuak aldatuz doaz urtetik urtera, berrituz, sofistikatuz, baina nesken eta mutilen jostailuak bereizteko eta sailkatzeko ohitura ez da asko aldatu, hori nabarmena da.
Merkataritza-gune batzuetan besteetan baino agerikoago, baina bereizketa funtsean guztietan gertatzen den fenomenoa da. Carrefour-ek, esate baterako, atal bereiziak ditu nesken eta mutilen jostailuentzat eta aurkibidean bertan agertzen du bereizketa hori argi eta garbi. Noski, neskei «bideratzen» zaizkien jostailuak arrosa koloreko orrietan agertzen ditu; kolore urdin eta gorrian iragartzen diren jostailuez ondo bereizturik.
Sotilagoa da, Eroski edota E-Leclerc-en aukera. Aurkibidean bereizketa hori ez da antzematen, baina liburuxka bera zabaltzea nahikoa dugu jostailuak bideratzeko duten joeraz jabetzeko. «Liburuxka hauek oso ondo antolatuta daude eta haurrek badakite zeintzuk diren eurei zuzentzen zaizkien jostailuak, koloreagatik bakarrik», azaldu du Urtxintxa taldeko kide Ziortza Etxeandiak. Mezuak ondo irakurri nahi dituenarentzat argiak dira; neskei, panpinak, sukaldetxoak, aurpegirako margoak, garbigailuak... eskaintzen zaizkie; mutilei kamioiak, autoak, gerlariak, hondeatzaileak, mekanika-tailerrak... Ondo baino hobeto bereiztuta.
Izatez, ezin da esan jostailu bat ala bestea sexista denik, gizarteak umeengan bultzatzen duen erabilera da halakoa. «Panpina ez da sexista, panpina beti neskei bideratzea da sexista, horren bidez hainbat balio transmititzen direlako: zaintza, ardura, maitasuna, familia tradizionalaren eredua...». Mutilei bideratutako eskaintza ere mugatua da: «Indarra eskaintzen zaie dibertsio moduan».
Etxeandiak nahiz Bilgune Feministako kide Izaskun Guarrotxenak jostailu eta jokoen aukeraketak duen garrantzia nabarmendu dute. «Jostailuek, jolasekin eta ipuinekin batera, eragin handia eta argia dute, bereziki, haurrek ikas dezaten ditugun baliabide pedagogiko eta hurbilak direlako; horiek dira euren tresnak eta gureak beraiekin harremantzeko». Are gehiago, «horien bidez landu eta garatzen dituzte haurrek gure gizartean dauden balio, gaitasun eta ezaugarriak», gizartearen isla dira. Horregatik, gurasoek arduratsu jokatzea ezinbesteko jotzen dute, «jolasa ez baita denborapasa, heziketarako bide ere bada, eta ez nolanahikoa gainera».
Aholkuak aholku, Guarrotxenaren iritziz, «bitan pentsatu gabe, haurrak eskatu duena oparitzea da errazena», aukerarik onena ez dela jakin arren. «`Besteek dute' horren atzean ezin gara ezkutatu; gurasoek hausnartu egin beharko dute euren haurrei eman beharreko heziketaren inguruan eta horren baitan erabakiak hartu. Haur baten sozializazio prozesuan ingurua du eskola eta inguru eta eremu orotan ikasten du».
Hala ere, zera nabarmendu du Bilgune Feministako kideak: «Gurasoena urte osoko lana da, ez Gabon garaian egin beharreko hausnarketa bakarrik. Jabetu behar dute zein garrantzitsua den lehen urteetako heziketa eta horren barruan jostailuen garrantziaz ohartu».
Etxeandiak bestelako irtenbidea ere jarri du mahaia gainean: «Haurrei ezin zaie dena azaldu, batez ere Olentzeroren testuinguruan eta txikiak direnean; gainera, eurentzat garrantzitsua da eskolan ere taldeko partaide izatea; beraz, eskatu duena ez ekartzea gogorra da», hausnartu du. Hala ere, oinarrizko jo du haurrekin hitz egitea, jostailuaren erabilera bideratzea, azalpenak ematea... Badira, ordea, Etxeandiaren esanetan, baztertu beharreko jostailu eta jokoak: «Indarkeria eta estereotipo bortitzak transmititzen dituzten jokoei uko egin behar zaie. Adibidez, pistola bat erostea ez dut uste komenigarria denik inorentzat».
Ideia berari helduta, joko askoren bidez bultzatzen den indarkeria nabarmendu nahi izan du Etxeandiak. Bere iritziz, gurasoek ezin dute onartu «haurrek orduak ematea beste bat jipoitzen», baina lehenik horretaz jabetu egin behar dute.
Bideo-jokoei loturik, azken urteetan atzematen ari den fenomenoa nabarmendu du Guarrotxenak: «Lehen gisa honetako jokoetan `mutilen' inguruko gaietan oinarritzen ziren; orain linea berria atera dute `neskei' zuzendua eta `ikasi ama izaten' esanez saltzen digute gainera».
Etxeandiak aukera berriak eskaintzen dituzten jolasak gomendatzen ditu, sexuaren gainetik eraikitzen direnak: eraikuntzarako jolasak, puzzleak, ipuinak... «Eta panpinak eta baloiak ere bai, baina bereizkeriarik egin gabe».
Gurasoengan hausnarketa eragiten eta hori bultzatzen egiten du lan Urtxintxak ikastetxeetan eta helburua lortzen dute: «Azalpenak eman ostean gero eta gehiago konturatzen dira joko eta jolasek duten zeresanaz, aurretik ez dute apenas hausnarketarik egin gizarteak ere ez dielako irakatsi egiten». Prozesu honen garrantziaz jabetuta hain zuzen ere, aurten kaleratu duen lanetako bat «Jolasen laborategia» da. Lan honetan bizikidetzarako jolasak proposatzen dira, beste modu batean jolasten ikasteko eta batez ere, hezitzaileei bideratua badago ere, guraso askorentzat oso erabilgarria dela uste du.
Bilgune Feministak jolas eta jokoak saltzeko egiten den publizitatean jarri du aurten arreta eta egindako azterketak ondorio argi bezain esanguratsua utzi du agerian: «Gaur egun jostailuak saltzeko erabiltzen den teknika sistema patriarkala mantentzeko erabiltzen da, eta gizonei eta emakumeei rol berezituak emateko». Hori mahai gainean jarri dizkiogun liburuxketan nabarmena da, baina, bere iritziz, «are gehiago telebistan».
Gisa honetako iragarkien aurrean instituzioen erantzukizuna nabarmendu du. «Lakuak teorikoki iragarki azterketarako begiralea du, baina, hala ere, gisa honetako mezuak atera daitezen uzten du». Gizarteari ere badagokio, hala ere, horretan erreparatzea, «une honetan ez gara ezer egiten ari mezu horien aurrean».
Bilgune Feministaren hitzetan, sorkuntza lanean indarra jartzea ere ezinbestekoa da: «Gutxi dago eta dagoenari oso publizitate gutxi egiten zaio, marjinala da».
Bestelako aukerekin lanean
Bestelako aukerak eskaintzeko lan horretan ari da Donostiako Kometak denda, eta azken urteetan ardura handitzen ari dela nabarmendu du, «batez ere guraso asko larrituta daudelako haurrek bideo-jokoetan jolasteko duten grinarekin». Hala adierazi du, egunotan jo eta su lanean ari den Josune Igoak.
Kooperazio jokoetan dago espezializatuta denda, eta telebista iragarkietan agertzen diren jolasen adinako sonarik ez badute ere, «haurrentzat oso erakargarriak diren jolasak» dituzte aukeran: «Haurrei eskaini egin behar zaizkie bestelako jolas moldeak, ezagutzen eta lantzen ez dutena ezin dute eskatu», azaldu du. Hala, hainbat eskolatan gisa honetako mahai jolasak erakusten dizkiete eta «oso gustuko dituzte taldean jolasteko aukera ematen dielako». Beraz, Josune Igoak aditzera eman duenez, haurraren heziketan onuragarria den jolasa hautatu eta erosteaz gainera, oinarri-oinarrizkoa da beraiekin batera jolasteko borondatea izatea. Lana beraz, ez da jostailua erositakoan amaitzen, Etxeandiak arestian aipatu duen moduan.
Aholkuak aholku eta gomendioak gomendio, aurten ere Olentzeroren zakuan denetik aurki daiteke. Eroski merkataritza-gunean argi dute, aurten jostailuen artean izarrak ««Barbiren superkarabana», «Bratz-en Egunerokoa» eta «Gormitiren Irla» dira»; edertasunaren ideiarekin lotutakoak lehen biak, eta borrokarekin hirugarrena. Aurretik, aipatutako gomendioak, beraz, bertan behera utzi dituzte makina bat gurasok. Jostailuen sailean lan egiten du Nereak, eta bertaratzen direnek jostailuen ezaugarriak begiratu eta aztertzen dituztela onartu arren, Olentzerori idatzitako gutunean agertzen diren jostailuak erosten dituztela adierazi du. Hori azken ordura arte zain egoten ez badira; izan ere, guraso askoren etsipenerako zenbait jostailu agortuta daude.