Gau eta egunez, bi astez, etenik gabe ikastetxeetako ateetan gauzatu da borroka
Ikastetxeen blokeatzeak eten dituzte Lapurdi eta Nafarroa Behereko ikasleek Eguberrietako oporrak irauten duten artean. Bi astez, gau eta egunez, ikasleek Darcosen erreformaren aurka protesta egin dute. Mugimenduak aurrera egingo duela ziurtatzeko sostengu deia zabaldu diete sindikatuei.
Arratsaldeko hirurak ziren Bernat Etxepare lizeoan. Blokeoa eten aurreko eguna, hain zuzen ere. Lizeoko lehen mailatik azkenekora arte, ikasle guztiak zeuden bertan, han eta hemen, futbolean edo taldean metaturik berotasun bila. Egurrezko ohol batzuk jarrita ikastetxeko ateak blokeatuak zituzten. Bernat Etxeparek agertzen zuen irudi hori Baionako beste hainbat ikastetxetan aurkitu ahal izan da azken egunotan.
Lauga Lizeoko sarrera nagusietan, esate baterako, oihalezko etxe erraldoiak ziren nagusi. Eta, bertan hotzari aurre egiteko kirola egin ordez, sua piztua zuten kupel handi batzuetan. Ezohiko irudia eskaini dute, beraz, azken egunotan ikastetxeek. Blokeoen bitartez ikasleei ateak itxi zizkieten, eta horrela, besteak beste, Lauga eta Bernat Etxepare ikastetxeetan bi astez ikasgelak hutsik egon dira. «Hogei bat lagun geratzen dira gauero ikastetxean lotan blokeoa gau eta egunez zaintzen. Eta, goizean, etxera sartzeko aukera izan dutenek kafea eta gosaria ekartzen dute. Bazkaltzeko kutxak antolatzen ditugu, eta ogitartekoak erosteko. Ikasleen arteko elkartasuna sortu da», argitu du Inge Arin Lizeoko azken mailako ikasle batek.
Goizean goiz bertatik igarota, gau hotza jasan ondoren ikasleak bertan jarritako egurrezko ostatuen inguruan kafea gustura hartzen ikusteko aukera izan dute herritarrek. Xavier Darcos Hezkuntza ministro frantsesak abiaturiko erreformak eragin du, izan ere, inoiz baino indar handiagoa izan duen mugimendu hori. «Iazko mugimenduan ere blokeoak izan ziren, baina, ez horrenbeste», argitu zuen. Izan ere, 2008ko ikasleen mugimenduak Lapurdin eta Nafarroa Beherean izandako indarra ikastetxe guztien arteko antolaketari esker lortu zutela jakinarazi zuten ikasleek.
«Inoiz baino antolatuago gaude. Hasi bezain laster, ikastetxe bakoitzean ordezkariak aukeratu dira, eta horiek ikastetxe guztiak biltzen dituen koordinazio bilkuretan parte hartzen dute», gehitu zuen Ingek. Hirurogeita hamar ordezkari biltzen dira bilera horretan. Eta, Lauga eta Bernat Etxepare lizeoetan duela bi aste abiatu blokeoen mugimendua, gutxika ikastetxe gehienetara zabaldu da. Donibane Garaziko Nafarroa, Donibane Lohinzuneko Ravel, Angeluko Saint-Anne lizeo pribatua eta Baionako Paul Bert ikastetxe teknikoa atxiki zaizkio protestari. «Antolatuz elkar ezagutzeko eta borroka komuna egiteko aukera izan dugu», adierazi zuen Naia Lacroixek, lizeoko azken mailako bigarren ikasle batek.
Horrela, blokeoak iraun bitartean, gauero, ikasle guztien artean, ekintza luzatu ala bertan behera uztea erabakitzeko bozketa egiten zuten.
«Gauero, protestan jarraitzea onartu da aho batez», gaineratu zuten. Hala, joan den asteartean Xavier Darcosek erreforma gibelatzeko asmoa duela adierazi izanak ez du inondik ere ikasleen borrokarako grina eten. «Guk erreforma bertan behera uztea nahi dugu, eta ez urtebetez gibelatzea»; behin eta berriz aldarrikatu dute hori ikasleek. Erreforma bertan behera uzteko eskatzen aritu dira ikasleak bi asteotan, blokeoekin batera manifestazio ugari egin dituzte.
Borrokan jarraitu
Eguberriko oporrak bertan ditugula-eta, protestari dagokionez etenaldi bat egitea erabaki dute ikasleek. Bi astez ikastetxeak itxiak geratuko dira eta ikasleen boza hein batean isildu egingo da.
Baina, oporrak hurbil ditugularik, erreformaren aurkako borrokari buruzko hausnarketa egiteko beta ere hartu dute ikasleek, eta honako galdera egin diote euren buruari: Zer jarraipen eman mugimenduari.
«Ikasle gisa gure mugimendua mugatua da. Ezin dugu mugagabean horrelako blokeo ekintza batean barnatu. Ezinezkoa da bederen irakasleen sostengua lortzen ez dugun bitartean», argitu zuen Txomin Poveda Bernat Etxepare ikastetxeko ordezkariak. Joan den asteazkenean bilkura bat egin zuten ikastetxeetako ordezkari guztien artean, eta, bertan, borrokaren geroaren inguruan hausnarketa egin zuten.
«Urtarrilean borroka guztiz geldituko den beldur gara. Erreformak ez die soilik ikasleei eragiten. Gobernuak, zerbitzu publikoak bere osotasunean hausteko duen xedearen ondorioa da. Beraz, bortxaz irakasleek ere mugimenduan parte hartu behar izango dute», azpimarratu zuen. Asteazkenean izandako bileran, ikasleak irakasleen sindikatuetako hainbat ordezkarirekin elkartu ziren. «Ez daude guztiak ados. Azken egunotan indartsu atera gara karrikara. Lelokeria litzateke mugimendua hiltzea sindikatuen arteko ezadostasunagatik. Gurasoen zein irakasle sindikatuen sostengua behar dugu», berretsi zuen Povedak sindikatuei batzeko deia zabaldu zietela erranez.
Irakasleek eta, oro har, zerbitzu publikoetan diharduten sindikatuek urtarrilaren 29ko greba orokorraren ondotik bideratuko duten borroka erabakiorra izango da ikasleen erreformaren aurkako mugimenduan. Halere, egun hori iritsi aurretik, dagoeneko ekintzak finkatuak dituzte ikasleek. «Ikastetxeen blokeoak egin baino, okupazio sinbolikoak egiteko aukera aipatua izan da. Eguberriko oporren ondotik, manifestazioekin batera, ekintza horietara helduko gara. Baina, geroan sindikatuak ere atxiki beharko dira», amaitu du Txomin Povedak.