Harri-jasotzea Euskal Herriko Txapelketa
Irigoienek beste txapel bat janzteko aukera izango du
Errezildarra da bihar Azpeitian jokatuko den finala irabazteko faborito nagusia. Irigoienekin batera, Ostolatza, Urpe eta Lertxundi arituko dira lehian.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatuko da bihar Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, 12.00etatik aurrera. Bertan lau harri-jasotzaile lehiatuko dira, baina horietako bakarra da faborito, ezustekorik ez bada, oso zaila izango baita Aimar Irigoieni inork txapela kentzea. Errezildarrarekin batera, Ostolatza, Urpe eta Lertxundi arituko dira lehian.
Kirolari bakoitzak lau harri erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanerako hiruna minutu izango dituzte. 200 kiloko angeluzuzena edo zilindroa erabili ahal izango dute, eta 175 kiloko zilindroa edo angeluzuzena; alegia, 200 kilokoa angeluzuzena baldin bada, 175koak zilindroa izan beharko du, edo alderantziz. Eta horiez gain, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola jaso beharko dute. Saioa ikusi nahi duenak, 15 euroko sarrera ordaindu beharko diu. Udalak 2.000 euroko sari berezia jarri du marka berria egiten duenarentzat. Oraingoz Aimar Irigoienek dauka marka, 9.475 kilo jasota.
Ikusmin handia eragin du finak. Errezil Azpeititik oso gertu dago, eta Aimarrek jarraitzaile ugari eraman ohi du. Ostolatza ere Zestoakoa izanik -nahiz eta orain han ez bizi-, jende ugari erakarriko du Azpeitira, hura ere gertu baitago.
Aimar Irigoien: errezildarra da egungo txapelduna, eta handia izango litzateke berak ez irabaztea. Une honetan beste guztien gainetik dago. Urte honetan Gipuzkoako eta Euskal Herriko harri txikien txapelketak irabazi ditu, eta baita Izetaren aurkako apustua ere. Egin duen urte bikainari amaiera ezin hobea emateko aukera du, beraz.
Joseba Ostolatza: Aimarrek izan dezakeen aurkaririk gogorrena da. Zestoarrak badaki txapel hau janztea zer den, eta saiatuko da errezildarra estutzen. Arazo fisiko batzuk izan ditu, baina lehiatzeko moduan da antza denez. Hala ere, une honetan oso zaila izango du Irigoien menderatzea.
Urpe: bizkaitar bakarra izango da final honetan, eta bere lehen erronka hirugarren postuari eustea izango da, aurreko biak lortzea ez baitu batere erraza izango. Etxean egiten duena ere erakutsi nahiko du final handi honetan.
Lertxundi: azken postutik ihes egitea izango du helburu, baina ez du horretarako lan samurra izango. Dena dela, bere estreinako nahia lan on bat egitea da, bere maila ematea hain zuzen ere.