Aizkora Urrezko lehiaketa
Mutrikun abiatuko da bigarren multzoa, eta Arrasaten jarraituko du lehenengoak
J.L. | DONOSTIA
Urrezko Aizkoran, bi jardunaldi jokatuko dira asteburu honetan. Hasteko, gaur bertan izango da saioa Mutrikun, eta etzi, berriz, Arrasaten (12.00).
Mutrikun, Ibainarriaga plazan, 12.00etatik aurrera, B multzoko lehen jardunaldia jokatuko dute. Alde batetik, Nazabal eta Mugertza II.a izango dira eta, bestetik, Olasagasti eta Txapartegi.
Norgehiagoka estua izango da, baina tartean Nazabal egonda, gauzak asko aldatu ohi dira. Txapartegi eta Olasagasti elkarrekin ongi moldatzen den bikoa da, baina Mugertza gaztea ere ederki arituko da Etxarrikoarekin, eta bere herritarren aurrean mailarik onena eman nahiko du.
Etzi, berriz, Arrasaten, A multzoko bigarren jardunaldia jokatuko da, eta lehen jardunaldiko bi irabazleak elkarren aurka arituko dira. Larretxea-Atutxa II.a Rekondo-Arria V.aren aurka lehiatuko dira. Lehenengoak aterako dira faborito, baina kontuz ibili beharko dute, Rekondorentzat eta Arriarentzat ere lan modu hau oso egokia baita. Saioak garrantzi handia du, garaipena lortzen duen bikoak ia finalerdietan izateko txartela eskuetan izango baitu.
Sokatira
Lauko Euskal Herrikoa gaur amaituko da Igeldon, 17.00etan. Nesketan, 250 kilotan azkeneko jardunaldia jokatuko da. Badaiotz, Beti Gazte, Amaiur, Sakana, Beti Gazte B eta Berriozar arituko dira. Mutilen 300 kilotan finala izango da. Auzolan, Amaiur A eta B, Berriozar A eta B eta Baiona izango dira.