GARA > Idatzia > > Kultura

Zinemagintza ere jorratu zuen Aita Barandiaranek, euskal nortasunaren azterketan

Jose Miguel de Barandiaran fundazioak Aita Barandiaranek 1928. eta 1934. urte artean filmatu zituen hamar bobinen ostean, beste hiru utzi ditu gordailuan Euskadiko Filmategian, aurtengo ekainean.

p048_f04_41x60.jpg

A. BILBAO | BILBO

Ondo ezaguna eta maitatua da gurean Aita Barandiaran, euskal antropologia eta historiaurrea ezagutzeko egindako lan oparoa medio, besteak beste. Baina, jakin-min eta grina handiko gizona zen ataundarra, eta gutxik ezagutuko dute filmazio ugari ere egin zituela, 16 milimetrotan, zinemarekiko zuen zaletasun handia zela-eta.

Behin filmazioak burututa, bera arduratzen zen pelikulak proiektatu eta horien gaineko azalpenak emateaz ere, seminarioko kideen aurrean, eta azken hauek adierazi zutenez, ohikoa zen Barandiaran filmagailuarekin hara eta hona ikustea.

Bere filmazioetan plano oso motz eta panoramiko azkarrak tartekatzen omen zituen. Gaiei dagokienez, Euskal Herriko kultura, gizarte eta industria alorreko pertsonaia ezagunak azaltzen ditu gaztaroan, elizaren ingurukoak batez ere. Grabatutako irudiek garai haiek ezagutzeko dokumental sorta aberatsa osatzen dute.

Orain hamar urte Euskadiko Filmaketa gordailuan utzitako materialari hiru bobina gehitu zizkion orain gutxi, iragan ekainaren 4an, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak.

Hamasei milimetroko lehenengo bobinak «Egunpasa Urkiolan» du izenburua, eta 1928ko apirilaren 9an, berpizkundeko pazko astelehenean jasotako irudiak gordetzen ditu. Bigarrena berriz, «Egunpasa Urduñan» deiturikoa, 1929an grabatu zuen, apirilaren 30ean. Hirugarrena, «Zeledon» izenekoa, Ataunen grabatutako «operazio magikoak eta bestelakoak Perunezarra baserrian» biltzen ditu.

Aurrekariak

1998ko urriaren 28an Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak 16 milimetroko hamar bobina utzi zituen Euskadiko Filmategian, Aita Barandiaranek 1928 eta 1934 urteen artean grabatutakoak. Ustekabeko material hark Gasteizko Seminarioko lehen harria jarri zuten ekitaldiko irudiak, Pedro de Asua arkitekto eta apaizaren agerraldi eta guzti, agertzen zituen, baita Agirre Seminarioa 1928 urtean, Olentzeroren agerraldia, prozesioak, landa-eremuko laborariak eta apaizgai taldeak ere.

Material hura osatu eta aberastera datoz orain gordailuan utzi berri diren hiru bobinak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo