Mercedeseko sindikatuek hainbat proposamen aurkeztu dituzte bileran
Gasteizko Mercedes Benz enpresako zuzendaritzak eta lantegiko sindikatuen batzarrak bilera egin zuten atzo, lehenengoak aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientearen gainean eztabaidatzeko. Langileen ordezkariek, UGT, CCOO, Ekintza eta USO, alde batetik, eta ESK, LAB eta ELA, bestetik, lau proposamen aurkeztu zizkieten enpresako arduradunei. Zuzendaritzak, horiek aztertu ostean, erantzuna datorren urtarrilaren 15ean emango duela adierazi zuen.
GARA |
Gasteizko Mercedes Benz enpresa-batzordeko UGT, CCOO, Ekintza eta USO sindikatuek, alde batetik -gehiengoa osatzen dute-, eta ESK-k, LABek eta ELAk bestetik, lau proposamen aurkeztu zizkieten atzoko bileran lantegiko zuzendaritzari, honek hilaren 11n aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientea (EEE) gelditu edo atzeratzeko helburuarekin.
Enpresak arrazoitu zuenez, Vito eta Viano modeloen eskaerak %60ko jaitsiera izan duela-eta 3.300 langileetatik 2.800ek 70 egunez etxera joan beharko dute. Neurri horrek ez die zuzendaritzako eta 53 urtetik gorako langileei eragingo.
Atzoko bilera amaitzean, Jose Antonio Moreno (UGT) batzordeko presidenteak onartu zuenez, Gasteizko lantegian EEEa aurkeztea azkenean «saihestezina» da, baina gehiengoa osatzen duten lau sindikatu horiek enplegu finkoan eraginik izango ez duen ibilgailuen murrizketa proposatu zuten. Gainera, udako astebeteko oporraldia San Jose eta San Prudentzioko zubietara aldatzea eskatu zuten.
Halaber, sindikatuek 2009an langilerik ez kaleratzeko eta lanaldia -eta soldatak- murrizteko neurria baztertzeko eskatu zioten zuzendaritzari.
Beste hiru sindikatuek aurkeztutako proposamenen artean, aldiz, eta ELAk adierazi zuenez, «oporrak mugitzeko» proposamena baztertzea eskatu zion enpresari. Halaber, eskatutako malgutasunaren alde apustu egin zuen, baina «mugak ondo zehaztuz», eta kalitatezko prestakuntzan inbertitzeko eskatu zion.
Beste alde batetik, ELAk zuzendaritzaren jarrera salatu zuen, sindikatuaren iritziz, EEEari buruz eztabaidatzeko langileen batzordearen aurka agertu baita enpresa. Honekin batera, UGT, CCOO eta USOren arteko batasuna kritikatu zuen euren jarrerarekin «enpresaren premisa babesten» baitute.
Azterketa zorrotzak
Enplegua erregulatzeko espedienteen harira, ELA Metaleko ordezkariek kontzentrazioa egin zuten atzo Iruñean Nafarroako Gobernuari eta Lan Departamentuari EEE guztiak zorrotz azter ditzaten eskatzeko.
Sindikatuaren ustez, ekintza honekin benetako justifikaziorik ez duten eta bereziki azken urteetan irabazi «oso altuak» izan dituzten enpresetatik etorritako espedienteak ez lirateke onartuko.
Bestalde, Sidenor enpresako zuzendaritzak eta batzordeak urtarrilaren 19 arte bertako EEEaren inguruko negoziaketetan jarraitzea hitzartu zuten atzo.
Lantegiko iturrien arabera, «pixkanaka» zenbait alderditan adostasuna lortzen ari dira sindikatuekin, baina «denbora gehiago behar da» akordio batera iristeko. Sindikatuek, aldiz, enpresarekin desadostasunak dituztela aipatu zuten. Izan ere, enpresak aldi baterako 348 langileetatik 279ren jarraipena besterik ez baitu bermatzen.
ELA eta LAB sindikatuak enplegua erregulatzeko espedientearen kontra agertu ziren.
Mercedes Benzeko enpresa-batzordeak aurkeztutako lau proposamenen aurrean, zuzendaritzak horiek aztertzeko eta datorren urtarrilaren 15eko bileran erantzuna emateko konpromisoa hartu zuen.
Nahiz eta enpresaren eta sindikatuen artean enplegua erregulatzeko espedienteko zenbait alderditan adostasuna lortu, ELAk salatu zuenez, EEEak lantegiko «208 langile soberan» direla jasotzen du dosierrean.