Urte amaierako azterketa gainditzeko aukera dute gorri-urdinek
SEVILLA ATCO.-EIBAR
A.U.L. | EIBAR
Erabatekoak denboraldi amaieran heltzen diren arren, urte amaiera ere azterketa batekin etorri zaio Eibarri. Gorri-urdinak gora egiten ari direla ematen du, baina badago gaindiezina suertatzen ari zaien ikasgaia: etxetik kanpoko partidak, hain zuzen.
Gaurkoan erronka gainditzea eskuragai izan dezake taldeak, teoriari dagokionez, behintzat. Sevilla Atletico bigarren mailako talderik txarrena da oraingoz -partida bakarra irabazi du orain arte lehiatu diren 16 jardunaldietan- eta puntuak lortzeko aurkari egokitzat har daiteke. Hala ere, andaluziarrek antzeko zer edo zer pentsa dezakete, Eibar bera oso bisitari apala baita.
Praktikari dagokionez, berriz, ez du horren baikor jokatzeko aukerarik ematen, zerikusi mugatua izaten baitu estatistika eta aurrekariekin. Carlos Pousok, ildo horretan, Sevillak «oso jokalari onak» dituela abisatu zuen. «Taldea akatsak egiten ari da, batez ere defentsan, baina gauza ikusgarriak egin ditzaketen jokalariak daude. Baloia edukiz gero eta guk erosotasunez mugitzen utziz gero, arazoak izango ditugu», azaldu zuen entrenatzaileak.
Argi dute, halere, eibartarrek, aurkari bat aukeratzekotan, hori Sevilla izango litzatekeela. Finean, sailkapenaren azken postuan dago-eta. «Neurketa guztiak errespetu osoz jokatu behar ditugu, baina argi dago hor egoteak zerbait esan nahi duela», onartu zuen Lombrañak.
Erdilari armaginak andaluziarren une txarra baliatzea espero du, «Gabonetako oporrak lasaitasunez gozatuko genituzke garaipena jarraian lortuta». Berarekin bat egin zuen Pousok, «partida berezia» dela aitortuz. «Sailkapenari dagokionez, hiru puntuak gainontzeko guztiak bezalakoak dira, baina buruari dagokionez, garrantzitsuagoak dira, nahiko egoera onean amaituko baikenuke urtea».
Entrenatzaileak oso aldaketa gutxi egingo du garaipen hori bilatzeko. Batere ez, beharbada, oso gustura amaitu baitu etxean jokatutako azken bi partidekin. Zalantza bakarrak, Lluis Codina, Urzelai eta Lombraña izango dira. Lehenak, gainkarga txiki bat duelako eta gainontzeko biek, lau txartel hori dituztelako dagoeneko. Baliteke Pousok bietatik bat gordetzea, hurrengo jardunaldiak ekarriko duen Xerezen aurkako norgehiagoka zailean pentsatuta.
Markel, berriz, deialdira itzuli da -Alvaro Martinezen ordez-, orain dela lau aste sudurra hautsi ostean.