Top 14
Avironek gora egiteko parada izango du Stade mendean hartzen baldin badu
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Top 14ean, Avironek bigarren postura heltzeko parada izango du gaur Parisen irabaziz gero, eta Biarritzek, berriz, tentuz ibili beharra dauka, jaitsierako postuetara gehiegi gerturatu nahi ez baldin badu.
Avironek norgehiagoka zaila izango du 16.30etik aurrera Parisen, Stade Françaisen aurka. Zuri-urdinek galtzeko gutxi dute, eta irabazteko asko. Izan ere, lau puntuak lortuta, gutxienez hirugarren postua eskuratuko bailukete, eta hori sekulakoa litzateke. Galduta, posible da laugarren postua galtzea, baina horrek ez ditu kezkatu behar, denboraldia bikaina egiten ari baitira.
Biarritzek, 20.30ean jokatuko du Montaubanen zelaian. Zuri-gorrien egoera latza da. Lehen lau postuetan ibiltzeko eta liga lortzeko gai den taldea egin, eta hamargarren postuan daude une honetan. Eta hori gutxi balitz, ia bi hankak Europatik kanpo dituzte.
Entrenatzailea aldatzeak ere orain arte ez du emaitza handirik eman, eta garbi dago gaur galtzen badute, egoera are ilunagoa izango dela, jaitsierako postuetara hurbilduko bailirateke, eta horrelako talde handi batentzat sekulako kolpea litzateke.
Ohorezko Maila
Ohorezko Mailan, gaur jokatuko du Pegamo Bera Berak El Salvadorren zelaian 16.30etik aurrera. Neurketa gaiztoa dute donostiarrek. Getxok ere horrelaxe izango du, bihar, 13.00etatik aurrera etxean, Madrilen aurka. Ordubete lehenago jokatuko du etxean Ampo Ordiziak Valladoliden aurka.