GARA > Idatzia > > Kultura

Bizkaiko bertsolarien finalak bost mila zale inguru bilduko ditu BECen

A. B. | BARAKALDO

Bizkaiko Bertsolari Elkarteak atzo adierazi zuenez, ostegunean 4.200 sarrera salduak ziren, gaur, bost eta erdietatik aurrera, BEC aretoan jokatuko den finalerako. Gainera, eta hasieran bestelakorik esan bazen ere, azken orduko bertsozaleek izango dute bertan izateko aukera, leihatilak zabalduko baitira BEC bertan eguerditik ordu batera eta lauretatik aurrera. Salneurriari dagokionez, sarrera arruntak 16 euro balio ditu, Bertsolari Elkarteko bazkideek 12 eurotan izango dituzte eta gaztetxoenek 8 eurotan.

Aretoak berriz, 16.15ean irekiko ditu ateak, lehian hasteko ordua heldu orduko bertsolariek merezitako harrera beroa jaso dezaten. Metroz joanez gero, aukerarik erosoenetarikoa berau, Ansioko geltokian jaitsi beharra dago, ondoan baitago BEC ezlekua.

Gogoratu, zortzi bertsolarik hartuko dutela parte lehian. Txapelaren defentsan arituko da Xabi Paya, 1982an jaiotako algortarra eta 2006ko txapelduna. Anaia nagusia ere ondoan izango du Xabik. Urtebete nagusiagoa den Fredi Euskal Herriko txapelketako finalerdietan izan da azken bi edizioetan eta Bizkaiko txapelketako finalean azken lauretan.

Urte batzuk txapelketatik kanpo egon ostean, inoiz txapela jantzitako bi durangar ere Barakaldoko oholtzan izango dira aurten. Hogeita hamalau urteko Unai Iturriagak dagoeneko bitan jantzia du txapela eta txapeldunorde suertatu zen 2005eko Txapelketa Nagusian. Lagunmin duen Igor Elortzak ibili duen bidea ere ez da makala. 1975ean jaioa, Bizkaiko lau txapel ditu etxean durangarrak, horra marka.

Arkaitz Estiballesek eta Etxahun Lekuek ere ezaguna dute Bizkaiko Txapelketako finala. Galdakaoztarra hirutan izan da finalista eta hirugarren egin zuen 2004an eta larrabetzuarrak berriz azken hiru finaletan kantatu eta txapeldunorde egin zuen 2006an.

Zortzikotea osatzen, bi neskato. Markinarra bata, Bizkaiko azken sei txapelketetan finalera heldu den Iratxe Ibarra. Muxikarra bestea, Onintza Enbeita, 2006ko Busturialdeko txapeldun eta urte bereko Bizkaiko txapelketako finalista.

Bota eta bota

Laburrean esanda, hogeita bost eta hogeita hamabost urte bitartekoak ditugu zortzi finalistak, eta guztiek dute eskarmentua Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalen batean. Aurten gainera, inoiz txapela jantzitako hiru izango dira kantari. Hiruren artean, dagoeneko zazpi txapel dituzte pilatuak.

Zalantzarik ez, giro aparta -gogoan izan Santo Tomas aurreratu eta gaur ospatzen dela Bilbon- izango da Barakaldon, txapelketak 50 urte betetzen dituen honetan. Txapeldunari, Jon Aspillagak jantziko dio txapela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo