Osakidetzak «beste behin ere iruzur» egin duela salatu dute UEMAk eta Behatokiak
Osakidetzak, azaroan aurkeztutako lan-deialdian, euskara «beste behin ere baztertu» duela salatu dute Behatokiak eta UEMAK, eta orain arte hizkuntza eskubideak bermatzeko onartu dituzten tresnak erabil ditzatzen galdegin diote EAEko admnistrazioari.Oihana LLORENTE |
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, euren kezka agertu dute herritarrek osasungintzan jasaten dituzten hizkuntza eskubideen urraketak direla-eta. Are gehiago, erreparatu ondoren Osakidetzak, berriki aurkeztutako lan eskaintza publikoan, ez duela beste behin ere euskararen ezagutza aintzat hartzen.
Joan den azaroan, 2.539 lanpostu iragarri zituen Osakidetzak; horietatik 1.402 lekualdatze-lehiaketa bidez beteko zirela eta postuen laurdenari euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasun data ezarriko zitzaiola ebatzita. Alta, Donostian egindako agerraldian, derrigortasun data hori lanpostuen esleipenaren ostekoa dela ohartarazi zuten bi erakundeek eta hortaz, behin postua lortuta euskararen derrigorrezko ezagutza iraungita egotea axolarik ez duela gogor kritikatu zuten.
Osakidetzak era honetako zirrikituak erabiltzea «onartezina» dela adierazi zuen Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko osasungintzan, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea EAEko administrazioari eta agintariei dagokiela oroitarazi ondoren, administrazioa noren zerbitzura ote dagoen itaundu zuen.
Gainera, Osakidetzak era honetako «teknikak» erabiltzen dituen lehen aldia ez dela oroitarazi zuen Bilbaok, eta 2002. urteko lan deialdian, milaka lanpostuetatik bakar bati ere ez zitzaiola euskaren ezagutza eskatu gaitzetsi zuen gogor.
Orduz geroztik ordea, Osakidetzak euskararen erabilera normalizatzeko Dekretua egin zuen, 2003. urtean, eta Euskara Plana, 2005ean. Plan eta egitasmo hauek «lau haizeetara zabaldu» zirela adierazi ondoren, «zertarako balio ote duten» itaundu zuen Bilbaok; are gehiago, «bertan ezartzen diren euskararekiko gutxieneko neurriak saihesteko bideak erabiltzen badira», salatu zuen haserre bizian.
Egoera hori izendatzeko modu bakarra otu zitzaion Bilbaori: «Iruzurra».
Osasungintza «gaixo»
Behatokiko zuzendariarekin batera, UEMAko lehendakari Jon Bollar eta bertako euskara teknikari Iñaki Arregi izan ziren Donostiako prentsaurrekoan. Euskararik gabe osasun mundua «gaixo» dagoela eman zuen aditzera Arregik eta gogor salatu zuen osasungintzan euskaldunak bigarren mailako herritartzat hartzea. Herritarrak osasun asistentziarako eskubidea izateaz gainera, osasun asistentzia horrek «duina» izan behar duela adierazi zuen, eta horretarako, zerbitzua euskaraz ematea «ezinbestekoa» dela deritzo.
UEMAko lehendakariak gogor salatu zuen Gabriel Inclanen sailak «inongo arrazoirik gabe, atzera bota izana» osasun zerbitzuak euskalduntzeko planean onartutako irizpideak: «Hogeita bost urte plan zehatzik gabe egon ostean, orain dela pare bat urte onartutako plan eskasa merkealdian jarri dute», salatu zuen Bollarrek.
Euskal herritarrak, orain arte bezala, «osagilearengana doazen bakoitzean», beren herrian bertan euren buruak «atzerritar» gisa sentitzen jarraituko dutela kritikatu zuen.
Komunikabideetan bolo-bolo dabilen euskara kutsatzeko birusa, Ukan birusa, aipatu zuen Bilbaok eta «zoritxarrez, Osakidetzak birus honen kontrako txertoa jarri duela» salatu zuen.