GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Laudiok erabilera anitzeko gelaren kokalekua kontsulta bidez erabaki lezake

GARA |

Erabilera anitzeko gelaren kokapenak ika-mika handia eragin du Laudion eta atzo, ezker abertzaleko zinegotziak izan ziren eztabaida horren aurrean irtenbide bat mahai-gaineratu zutenak. Haien aburuz, laudioar guztiek izan behar dute prozesu honen parte. Beraz, eta batik bat, haien ustez Laudioko Udalbatza kokalekua erabakitzeko «gai ez denez», herri kontsulta lotesle bat egitea proposatu dute.

Egindako prentsaurrekoan gainera, data ere agertu zuten. Datorren martxoaren 1ean egiteko aukera plazaratu zuten, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian izango diren hauteskunde autonomikoekin batera, alegia.

Herri kontsulta loteslea egiteko proposamena datorren urtarrilaren 26an egingo den Udalbatzaren osoko bilkuran mozio bidez aurkeztuko dutela ere jakinarazi zuten agerraldian, «bertan eztabaidatu eta erabaki» dadin.

Iaz ezker abertzaleak Kulturola izeneko proiektu integrala prestatu eta haren alde lanean jardun zuen. Bertan, kultur politika «serioak» sustatzea eta Laudioko herriaren «bizitza soziala egituratzeko balioko duten azpiegitura kulturak» eraikitzea galdegiten zen. Era berean, Lamuza parkeak Laudioko kultur jardueraren erdigunea izan behar duela defendatzen dute.

Urtean zehar dozenaka kultur eta gizarte eragilerekin egindako bileretan hausnarketa hau partekatu zutela adierazi zuten atzo ezker abertzaleko kideek egindako agerraldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo