GARA > Idatzia > > Mundua

Somaliako uretan piraten kontra egiteko itsas armada osatu dute AEBek

Ameriketako Estatu Batuek nazio askotako itsas armada osatuko dute Somaliako piratei aurre egiteko. Combined Task Force 151 izenarekin hasiko ditu hilaren erdialdean lehen operazioak. Aldez aurretik, abenduaren 8an, EBak Atalanta misioa osatzea onartu zuen.

GARA |

Somaliako piraten kontra jarduteko eta haien erasoak ekiditeko, Ameriketako Estatu Batuetako V. Ontziteriak nazio askotako itsas armada osatuko duela iragarri zuten atzo. Combine Task Force (CTF) 151 izena hartuko du eta hiru gerraontzi eta bi hegazkin estatubatuarrez osatuko da. Azaldutakoaren arabera, hilaren erdialdera hasiko ditu operazioak Adengo golkoan, Itsaso Gorrian, Indiako ozeanoan eta Omango itsasoan. AEBek zuzenduko dute misioa.

CTF 151 misioak CTF-150 delakoan du oinarri. Afganistanen kontra Washingtonek hasi zuen gerraren aitzakiapean sortu zuten bigarren hori. «Askatasun iraunkorra» operazio militarraren testuinguruan sortutakoa piratei eraso egiteko erabiliko dute orain Terence McKnight almirante estatubatuarraren agindupean. «Oraingoz, Ameriketako Estatu Batuek soilik osatzen dute misioa. Dena den, beste herrialde batzuk laster batzea espero dugu», esan zuen V. Ontziteriaren bozeramaile Estefania Murdockek.

Txina eta Iran ere han dira

Munduko itsas merkataritzaren %12 eta petrolioaren %30 Bab al Mandeb izeneko itsasartetik igaro ohi da, Itsaso Gorriaren eta Adengo golkoaren artean.

Pasa den urtean, piratek ehun bat itsasontziri eraso zieten edota bahitu zituzten, trukean 120 milioi dolar jaso zituztela.

Urtarrilaren 1ean, merkataritzarako ontzi bat bahitu zuten Somaliako kostaldean. Egiptoko bandera zeraman.

Asteazkenean, Turkiako kargaontzi bat askatu zuten. Urriaren amaieran bahitu zuten, Kanadatik Txinara 77.000 tona mineral garraiatzen zituenean. Zehaztu nahi izan ez duten erreskatea ordaindu zuten jabeek. Piratek erasorako duten gaitasuna ikusirik, nazioarteko komunitateak hainbat misio bidali ditu jada Adengo golkora.

Abenduaren 8an, esaterako, Europar Batasuneko Atzerri ministroek Atalanta misioa ipini zuten martxan bederatzi herrialderen parte hartzearekin.

Txinak, bestalde, DDG-171 Haikou eta DDG-169 Wuhan izeneko destroyerrak eta bizigaiak garraiatzeko Weishanhu ontzia bidali zituen inguru horretara abenduaren 26an. Misilez, armez eta kanoiez hornituta daude. Gerraontziak bere uretatik harantzago bidaltzen dituen lehen aldia da. Hedabideek misioaren apartekotasuna nabarmendu zuten, Txinak ez duela-eta nazioarteko uretan halako itsas hedapenik izan XV. mendetik. Analisten hitzetan, misio horrekin nazioartean duen eginkizuna indartu nahi du Gobernu txinatarrak. Iranek ere gerraontziak bidali ditu.

«norabide egokia»

«Piratena nazioarteko arazoa da, eta horregatik, nazioarte mailako konponbidea eman behar diogu. `CTF-151' osatu izana norabide egokian emandako pausoa da», adierazi zuen Bill Cortney komandante estatubatuarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo